"Podemos Ahal Dugu udal gobernu taldean sartzea erabakiorra izan da"
Olaberriako bailara babestu eta atletismo pistak Txenpereneara eramatearen harira egin ditu adierazpenok Podemos Ahal Duguk.
Datorren martxoaren 30ean behin betiko urratsak emango dituzte Olaberria babesteko Hiri Planean eta Txenperenea eremuaren garapena martxan jartzeko, eta horrenbestez, Plaiaundiko atletismo-pistak lekuz aldatzeko. Izan ere, Hiri Plangintzaren Kontseilua bilduko da, eta hor espero dute behin betiko onarpena ematea bi egitasmoei.
Eukene Lopez Podemos Ahal Duguko Irungo bozeramailea pozik agertu da emandako urratsekin, “Irungo ingurumenaren aldarrikapen historikoa delako”. Zentzu horretan, Elkarrekin Podemos IU udal gobernuan sartzeak plan hori gauzatzeko “behin betiko bultzada” ekarri duela iritzi dio.
Lopezek gaineratu du udalerriari eta inguruneari dagozkien ingurumen aldarrikapenekin engaiatuta egon dela Podemos Ahal Dugu, eta ibilbide luzea egin duela Olaberria haranari eta Txenperenea eremuari buruzko eskaerak egiten.
Era berean, plan bakoitzak izan duen ibilbidea gogorarazi du. Olaberriari dagokionez, 2015era egin behar da atzera, HAPO Hiri Antolamendurako Plan Orokorrak eremua babes esparru bat ezartzeko beharra ikusi zuenetik. 2016ko udan udalari plana aurkeztuta, hiru urtez izan zuen udal gobernuak proiektua geldirik, 2019tik aurrera berriro aktibatu zen plan horren espedientea, presio politikoari esker.
Plaiaundiko pistak, berriz, Txingudiko badiaren ingurumeneko garapen osoa eragozten dutela gogorarazi du Lopezek, eta kirol instalazioak hiriko beste gune batera eramateko beharra 90eko hamarkadan jarri zela.