Jaizkibel mendiko dorreak kontserbatzeko lanak hasi dituzte
118.341,79 euroko aurrekontua bideratu dute, eta lan hauek bi hilabeteko epean burutzea aurreikusi du udalak.
Jaizkibel mendiko IV. eta V. dorreak sendotzeko eta kontserbatzeko lanak hasi ditu Hondarribiko Udalak. Lan hauen berri eman dute gaur Txomin Sagarzazu alkateak eta Aritz Diez-Oronoz arkitektoak. Imanol Iparragirre da beste arkitektoetako bat, eta ezin izan du bertan izan.
Proiektuaren sustatzailea udala da, eta aspalditik buruan zuten proiektua dela azaldu du Sagarzazuk; 2019an jarri zutela martxan, pandemia hasi zen arte. TEUSA enpresari esleitu dizkiote lanak, bi hilabete dituzte lanak burutzeko, eta 118.341,79 euroko aurrekontua bideratu dute horretara.
Horrez gain, Eusko Jaurlaritzak 63.986 euroko diru laguntza eman du. Gipuzkoako Foru Aldundiaren baimena du ondarearen arloan, eta aldundiaren menpeko Mendi Departamentuaren koordinazioa era berean.
Jaizkibel mendia ondare aldetik “oso garrantzitsua” dela udalarentzat adierazi du alkateak. “Udaletik urte batzuk daramatzagu Jaizkibel mendia mantentzeko eta berreskuratzeko lanetan. Xehetasun handirik gabe, aipatu nahi nituzke, esate baterako, ‘Jaizkibel Amaharri’ liburuaren argitalpena, Aranzadi Zientzia Elkartearekin batera duela gutxi aurkeztu dugun errotarrien proiektua, bertako itsaslabarra eta itsasertzeko txilardia berreskuratzea…”.
Diaz-Oronoz arkitektoak azaldu du oso egoera txarrean daudela bi dorreak, aspaldi ez delako mantentze lanik egin, eta euri eta haizeteen menpe egon direlako. Estrukturari erreparatuz, bi dorreetako harlangaitzezko hormak sendotuko dituzte, tamaina txikikoak diren materialarekin, “sarbidea ez baita erraza”.
“Harresien egonkortasuna harlangaitzez eta karezko morteroz kolokan jartzen duten zati askatuak finkatuko ditugu, dagoen landaredia eskuz kenduko dugu, paramentuetan esku hartuko dugu, dauden pitzadurak josiko ditugu, barneko betelanak induskatuko ditugu, ura ateratzeko aukera emango dugu, eta bi dorreen egiturei balioa emango diegu”.