Arrazakeriaren aurkako martxak Irun-Hendaiako kontrolak salatuko ditu
Igande honetan izango da martxa, 'Pasa' lelopean, eta Trintxerpetik irtengo da 11:30ean. Mugetan egiten dituzten kontrol arrazistetan jarriko dute aurten gakoa.
Datorren igandean, hilak 20, XXV.enez egingo dute Arrazismoaren Aurkako Martxan Pasaia eta Donostia artean. Migrazio mugimenduak hain presente dauden honetan, mugetan jarri dute arreta antolatzaileek, eta horietan egiten dituzten kontrol selektibo eta arrazistak kritikatuko dituzte: “Paperik ez duten eta mugak zeharkatu nahian bizitza jokoan jartzen duten migratzaileek bizi duten babesgabetasun egoera salatu nahi dugu, eta horretarako, garrantzitsua da herritarrak mobilizatzea”.
Aurkezpena Irun eta Hendaia lotzen dituen Etorbidearen zubian egin dute, urtero urtero ehunka lagunek zeharkatzen duten mugan. Hain zuzen, prentsaurrekoa ematen ari ziren bitartean, bi beltz geratu dituzte gendarmeek alboko zubian, Santiago zubian, ohiko kontrolean. Etorbidearen zubia, berriz, hesituta dago Hendaia aldera ez pasatzeko.
Muga eta hesiekin kontrastatuz Pasa izan da aurtengo ekitaldirako aukeratutako leloa: “Mugak pasa, pasa edo ez pasa, pasatzen ari dena, ekintzetara pasa” eta antzeko aldarriak egin dituzte hizjokoarekin. Igandean izango da martxa Trintxerpetik abiatuta, 11:30ean, eta ekitaldiarekin bat egin dute 57 erakundek, hala nola, SOS Arrazakeria, Medicus Mundi, EAEko GKE Koordinakundea eta beste hainbat elkarte, Irungo Harrera Sarea kasu.
Prentsaurrekoan hitza hartu dute Agustin Unzurrunzaga (SOS Arrazakeria) Paty Ortiz Zarate (Medicus Mundi), Haizea Bernas (Medicus Mundi), Jon Aranguren (Irungo Harrera Sarea) eta Evon Etxeberria eta Sandra Fernandez (IES Usandizaga).
Europako Batasuneko mugetan ehunka lagun hil eta desagertzen direla gogorarazi dute antolatzaileek, batik bat Atlantikoan (Afrika mendebaldea eta Kanaria Uharteak, 4.000tik gora hildako) eta Mediterraneo erdialde (Italia-Malta, 1.315 hildako), mendebalde (Espainia, 324 hildako) zein ekialdean (Grezia, 41 hildako). Europako Batasunaren barruko mugetan ere hildakoak izaten direla gaineratu dute, Bidasoa eta Mantxako kanalean, esaterako. Halaber, egoera aldatuko den zantzurik ez dute ikusten munduaren egungo errealitateari begiratuta. Ondorioz, “bidaia arriskutsuak egitera eta bizitza arriskuan jartzera” bultzatzen dituen egoerak “hazi” egingo direla iragarri dute.
Ekintzara pasatzeko unea dela azaldu dute, eta Afrika nahiz Asiatik datozen migranteei bide legalak erraztu nahiz bisak emateko politika eraginkorragoak egin behar direal esan dute. Horrez gain, errefuxiatuen berkokatzeak azkartu, eta nazioarteko babesa behar dutenei hura benetan bermatzea herrialde batera iristean: “Lehen planoan jarri behar da migratzaileen zaurgarritasuna eta behar diren laguntzak eman”. Bestalde, Maroko, Libia eta Turkiarekin, besteak beste, sinatutako akordioak (migrazioari eustera bideratutakoak) aipamena egin diete, “gaitasun handia ematen dietelako herrialde horiei migrazioa xantaia moduan erabiltzeko.
“Harrera berbera”
Arangurenek Irun eta Hendaia arteko mugaren egoeraren berri eman du: “Kontrol arrazistak egiten dituzte segurtasun nazionala bermatzearen izenean”. Horrek dagoeneko nahikoa sufritu duten migranteen sufrimendua areagotzen duela esan du: “Azkenean, denek lortzen dute muga igarotzea. Ez dute pasatzea oztopatu nahi, baizik eta presioa eragitea”.
Irungo Harrera Sareko boluntarioak Ukrainako errefuxiatuei egiten zaien harrera berbera eskatu dute beste migranteentzako ere, “posible da”. Hendaiako geltokian izandako gertaera baten berri eman du hausnarketa gisa: “Hendaiako geltokian Ukrainako familia bati harrera egin zioten, baita polizia ere. Une berean topoan pertsona beltz batzuk iritsi ziren, eta etorri ziren bezala bidali zituen poliziak”.