Teresa Errandonea eta Pau Blasi munduko txapelketan ariko dira asteburuan
Pau Blasi Bidasoa Atletiko Taldera iritsi berria da, eta klubaren denborarik onena egin du 400 metroetan. Errandonea marka pertsonala hobetzen saiatuko da.
Asteburu honetan jokatuko dute Belgraden Munduko Atletismo Txapelketa. Bidasoa Atletiko Taldeak bi ordezkari izango ditu, Teresa Errandonea eta Pau Blasi. Azken hori taldera iritsi berria da, eta 400 metroetan aritzen da. Joan den hilean, Salamancan (Espainia) taldearen marka hautsi zuen: 48.69 segundo. Blasi, Andorrako selekzioarekin arituko da.
Errandoneak, berriz, ofizialki joan den astean jakin zuen Espainiako selekzioarekin ariko zela munduko txapelketan, nahiz eta berak aspalditik zeukan erronka hori buruan. Helburua marka pertsonala hobetzea izango da, eta munduko onenekin aurrez aurre lehiatzea.
Dominarik ez, Espainiako 20 urtez azpikoetan
Joan den asteburuan Antequeran jokatu zuten BATeko atletek 20 urtez azpiko Espainiako Txapelketa. Bost ordezkari izan zituen BATek, eta ez zuten dominarik eskuratzerik lortu. Irune Muguruza, Erik Fernandez eta Victoria Brisok bosgarren bukatu zuten. Muguruza domina lortzear izan zen 60 metro hesietan, baina photo finish-ean erabaki zen dena. 8,63ko denbora egin zuen. Fernandezek, berriz, 22,42 segundoko denbora egin zuen 200 metroetan, eta Brisok pentatloian, 3.373 puntu erdietsi zituen. Camila Sanguinok pertika jauzian zazpigarren egin zuen, eta Lucia Arrizabalaga finalaurrekoen atarian geratu zen.