Ekintzaileentzako Krea azoka, formatu presentzialera bueltatuko da
Apirilaren 7an izango da ekintzaileak, enpresak eta erakunde publiko nahiz pribatuak elkartzen dituen azoka.
Pandemia dela eta azoka presentzialik ez da izan azkeneko urteetan, baina aurten betiko formatura itzuliko da Krea Bidasoa ekintzaileentzako azoka. Apirilaren 7an izango da, Ficoban. Azokaren helburua ekintzaileak, enpresak, erakunde publiko nahiz pribatuak eta beste eragile batzuk harremanetan jartzea da, esperientziak partekatu eta ezagutza zabaltzeko.
Gaur egin dute azokaren aurkezpena Miguel Angel Paez Bidasoa Bizirik-eko presidenteak eta Maria Serrano presidenteordeak.
Paezek azokaren enpresa eta ekintzaileen arteko loturetan jarri du gakoa, eta horiek “funtsezkoak” direla esan du, “eragin handiagoa lortzeko”. Horietan enpresen “sendotasuna, egitura eta egonkortasuna” eta ekintzaileen freskotasuna, grina eta sormena” biltzen direla esan du, eta horri esker, “enpresa garapena sustatzen duen ekosistema” garatzen dela.
Serranok, beraz, pandemiaren ondorioez mintzatu da, eta hori dela eta, “une egokia” dela iritzi dio “frogatutako erresilientzia balioesteko”. Ildo horretatik, aurtengo leloea Pieza giltzarriak izango da, eta Lego bloke koloretsuen bidez “lurraldeko enpresa eta ekintzailea etorkizunari begira” daudela irudikatu nahi dute. Lego piezek esfera bat osatzen dute, “pieza horiek gure ekosistemaren sinbolo dira, eta batasunari esker, urrunago iristeko gai dira”, adierazi dute antolatzaileek. Koloreak ere ez daude ausaz aukeratuta: pieza berdeak trantsizio ekologikoa irudikatzen du; urdinak, trantsizio digitala; horiak kultura ekintzailea; gorriak talentua eta laranjak sormena.
Egitaraua
Hainbat ekintza izango dira azokan zehar. Hala nola, Hub Advisorreko Iñaki Azpiazuren eskutik, Enpresa ekintzailea. Beharra edo aukera. Hitzaldien alorrean, OCTIMA enpresako Jose Maria de la Torrek Berrikuntza ilusionista: nola lortu ezinezkoa praktikan eskainiko du.
Horrez gain, eraldaketa digitalari buruzko hainbat tailer izango dira: Paperik gabeko bulego baterako trantsizioa, Adimen artifiziala erabili Interneten presentzia egokia izateko eta Automatizatu zure negozioa eraginkorragoa izateko.
Star Ekintzaile hackthona, Fabrikazioaren artea erakusketa eta Bidasoko kominitate ekintzailea: pieza konektatuak tailerra (OAZ Etorkizunerako Coachingeko Olaia Agirrek zuzendua) izango dira.
Programa osoa eta izena emateko galdetegia webgune honetan: bidasoa-activa.com.