Ibilaldi gidatua, hiriko emakumeen aztarnak ezagutzeko
Liburua aurkeztu dute gaurkoan Parean elkarteko kide Oihana Llorente, ikerketa historikoa egin duen Maria Jose Noainek, eta Gotzone Larrarte, Berdintasun ordezkariak.
Emakumeek Hondarribiko historiari egin dioten ekarpena gogora ekarri eta goraipatu dute gaur aurkeztu duten Emakumeen aztarnak Hondarribian liburuan. Oihana Llorente, Parean elkarteko kidea izan da iniziatibaren gidaria; Maria Jose Noain, historialariak testuak idatzi eta jasotakoa ikertu du, eta Gotzone Larrarte Berdintasun ordezkariak babesa eman die udalaren izenean.
Hasteko, hitza hartu du Larrartek eta eskerrak eman dizkie egindako lanagatik, emakumeak balioan jartzeagatik eta hiriko ondarean eragiteagatik. “Gure berdintasun planaren bigarren ardatzarekin bat egiten du zuen proiektuak.”
Bigarren parte bat da liburua. Izan ere, azaroan aurkeztu zuten Parean elkartearen orrialdean topa daitekeen paseo gidatua, eta bertan, audioz, testuz eta irudiz kontatzen da ingurune historiko bakoitzarekin lotuta, zergatik egin zuten historia emakume horiek.
Guztira hamar emakume jaso dituzte, nahiz eta askoz ere emakume gehiago topatu zituzten. Aukeratutakoak gai desberdinak lantze aldera hautatu dituztela azaldu du Llorentek, esate baterako, arrantza, bidaiak, sedukzioa edota merkataritza. Halaber, erronka, printzesa eta erreginen izenak bakarrik ez biltzea izan dela adierazi du historialariak.
Noainek azaldu du proiektuaren gako garrantzitsu bat izan dela liburu bilakatzea sortutakoa, inklusibitateagatik. Dena digitalera pasatzea gazteak gerturatzeko ez dela inklusibitate bakarra nabarmendu du, eta inklusibitatea ere badela forma digitaletara ohituta ez daudenengan pentsatzea. “Ni bezala, oraindik asko gara era analogikoan informatzen garenak”.
Llorentek gogora ekarri duen gisan, proiektua azaroan aurkeztu zuten, eta orduko asmoa, paseoa desbirtualizatzea zen, baina euria egin zuenez bertan behera geratu zen. Beraz, neguko azken eguzki printzak probestuz, paseoa kalera eramango dute larunbat honetan, eta Arma Plazatik abiatuko dira 11:00etan. Bertaratzeko aurretik izena eman behar da esteka honetan, eta 40 pertsonek ahalko dute parte hartu. Bestetik, liburu hau Zuloaga liburutegian hartu daiteke, dohainik.