Donostia kaleko zuhaitzak moztea akatsa izan dela uste du Eguzkik
Garai honetan txorientzako beharrezkoak zirela arbolak argudiatu dute, eta beste kaleetan irizpide ekologikorik gabe zuhaitzik ez kentzeko eskatu diote udalari.
Donostia kalean udalak moztu dituen zuhaitzengatik herritarrak kezkatuta daudela deitoratu du Eguzkik. “Gaur egun pairatzen dugun larrialdi klimatikoan hiritartze-lanak egiteko irizpide ekologikoek garrantzi handia hartzen dute eta; izan ere, beste modu batez eta beste garai batean obrak egiteko aukerak daude”.
Eguzkiren arabera, udalak “arrisku gutxiagoko” zuhaitzekin ordezkatuko ditu kale horretakoak, baina zalantzak ditu hori hala izango ote den; talde ekologistaren hitzetan udaran landatuko dituzten ale berriak kendutakoen modukoak izango direlako. Bestetik, kendu dituzten zuhaitzen neurriek ingurumenari eta gizarteari “zerbitzu anitzak” ematen zizkietela salatu dute, eta berriei kosta egingo zaiela hori egitea “Urteak pasa beharko dira berdinak izateko”.
Halaber, ez dela zuhaitzak mozteko garai ona dio Eguzkik, txori espezie asko daudelako hirian eta zuhaitzak onuragarri direlako haientzat. “Gure aldetik ahalik eta aukera gehien eskaini behar ditugu, ez alderantziz”.
Halaber, txorien beharra defendatu dute: “Frogatuta dago hegaztiak behatzeak estresa arintzen laguntzen digula, antsietatea eta depresioa arinduz. Zenbat eta hegazti gehiago, orduan eta eltxo eta euli gutxiago: enara bakar batek, adibidez, 850 euli/eltxo kontsumitzen ditu egunean”.
Azkenik, Donostia kalean egindakoa beste kaleetan ez egiteko, eta urbanizazio planetan irizpide ekologikoak aintzat hartzeko eskatu dio talde ekologistak udalari.