Larunbatean Bidasoan desagertu zen migrantea bilatzeari berrekin diote
Atzo (igandea) ez zuten desagertutako pertsona aurkitu. Gaur goizean ekin diote berriro erreskate zerbitzuek bilaketari.
Bidasoa ibaia igerian gurutzatzekoa zen migrantea bilatzeari berrekin diote gaur goizean. Gurutze Gorria, Irungo Udaltzaingoa, Ertzaintza, Guardia Zibila, Ipar Euskal Herriko nahiz Nafarroak suhiltzaileak ari dira zeregin horretan.
HITZAk baieztatu ahal izan du larunbat arratsaldean desagertu zela bila ari diren pertsona. Erreskate taldeak 18:30 inuguruan hasi ziren bilaketarekin. Horren arrazoia izan zen Bidasoa zeharkatu ahal izan zuten beste bi pertsoaren testigantza: haiekin zihoan hirugarrena ez zen Biriatura iritsi.
Irungo Harrera Sareak ohartarazi du azken egunotan migratzaile ugari aritu direla ibaia gurutzatzen. «Ez dakigu zenbat, baina batzuk bai». Ezbeharra aurreikus zitekeela salatu dute, eta kontzentraziora deitu gaurko, Behobiako zubian, 18:30ean. Plazaratu duen oharrean, eragileak esan du bide seguruek ez dituztela pertsonak hiltzen, «baina bai, ordea, kontrol arrazistek». Korridore humanitarioak eskatu dituzte, eta Ukrainako errefuxiatuei ere helarazi diete elkartasuna.