Irungo EH Bildu: "Urkulluk eta Jaurlaritzak, argazkietatik harago, benetako konpromisoa har dezatela"
Koalizio abertzaleko eledun Jokin Melidaren arabera, gaur arte "Jaurlaritza ez da gai izan Irunera iritsi diren migratzaileei erantzun egokia emateko".
Irungo EH Bilduk, gaur Iñigo Urkulluk Irunena egin duen bisitaldiaren harirako balorazioa egin du. Besteak beste, bidean diren migranteentzako harrera zentro berria inauguratu du lehendakariak. Horretan zentratu du Irungo Euskal Herria Bilduko eledun Jokin Melidak bere diskurtsoa: “Urkullu eta Eusko Jaurlaritzari eskatzen diogu, argazkietatik harago, benetako konpromisoa har dezala pertsona guztiei, jatorria edozein izanda ere, harrera duina emateko. Inork kalean lo egin ez dezan. Eta Irun, benetan, harrera herria izan dadin”.
Melidak adierazi du bere horretan gaur zabaldu den harrera etxe berria “albiste ona” dela: “Hori da azken urteetan EH Bilduk instituzio ezberdinetan behin eta berriro aldarrikatu dutena, harrera duina bermatzea”.
Gaurkoaz gaindi, atzera begirakoa egin du Melidak. Adierazi du Jaurlaritzak hutsuneak izan dituela migranteen harreran, “Jaurlaritza ez da gai izan azken urteotan Irunera iritsi diren migratzaile afrikarren beharrei erantzun egoki bat emateko”. Zentzu horretan, “ulertezinak diren irizpide eta protokoloen aitzakiapean” hainbat migrantek ez dutela artarik jaso jakinarazi du koalizio abertzaleko kideak, “hainbat migratzaile dispositiboetatik kanpo utzi dituzte”.