Trantsituan diren migranteentzako zentro berria ireki dute
Hilanderaseko dispositibotik metro gutxitara dago zentro berria, Belasko kalean. 150 lagunentzako edukiera izango du, eta Hilanderaseko zentroa betetzean, hara bideratuko dituzte erabiltzaileak.
Trantsituan dauden migranteentzako zentro berria ireki dute Irunen, Belasko kalean. Hilanderaseko dispositibotik metro gutxitara dago, atzeko kalean, Belasko kalean. 55 Pabiloia izena jarri diote. Eusko Jaurlaritza da zentroaren titularra, eta 150 lagunentzako edukiera dauka. Zentro berriak logelak, dutxak, komunak, sukaldea zein jantokia izango ditu, eta armairuak nahiz sakelako telefonoentzako karga puntu ugari izango dituzte.
Hilanderas jarraituko du trantsitoan dauden migranteentzako erreferentziazko puntu izaten, eta Hilanderas betetzean —ehun pertsonentzako tokia dauka—, 55 pabiloira bideratuko dituzte erabiltzaileak.
Iñigo Urkullu lehendakaria bertaratu da gaur goizean zentroa bisitatzera. Ondoan izan du Rene Etxegarai Euskal Elkargoko presidentea ere; Santiago zubian lore eskaintza egin ondoren joan diren zentro berrira bisitatzera—. Dispositibo berria bisitatu dute Beatriz Artolazabal Gizarte Politiketako sailburuak nahiz Xabier Legarreta Migrazio eta Asilo zuzendariak ere.
Eusko Jaurlaritzak jakinarazi duenez, baliabide berri horretan egingo diete harrera Euskadira “lehen instantzia batean” iristen diren ukrainarrei, “beste harrera zentro batzuetara bideratu aurretik”.
Era berean, Irungo Udalak erromesen aterpetzea berreskuratuko duela gogorarazi du Jaurlaritzak, azken bi urteetan “indartu” ondoren, orain, egoera soziosanitarioa normalizatzean, jatorrizko jarduerari helduko dio berriro.