San Telmo gaztelua eskuratzeko pauso berri bat eman dute
3,5 milioi euroko aurrekontua onartu dute gaztelua erosi ahal izateko.
Gaur goizean ezohiko osoko bilkura egin dute, eta alderdi guztien botoekin, 6/2022 aurrekontu aldaketa kreditu gehigarri bidez onartzeko proposamena onartu dute, San Telmo gaztelua eroste aldera. 3,5 milioi euroko kopurua erabiltzea onartu dute, “erosketa prozesu horretan aurrera jarraitzeko”.
Otsailaren 24ean jakinarazi zuten udalbatzan gaztelua saltzeko asmoa zuela jabeak, eta lehentasun eskubidea erabiliz, udala ondarearen txosten teknikoa egiten hasi zen.
Hala ere, Eusko Jaurlaritzak adierazi zien epe bat dutela lehentasun hori erabiltzeko, eta hortaz, gaurko biltzarra presazkoa izan da. “Prozesua konplexua da eta nahitaez apirilak 3 aurretik egin behar da dena”.
Behin behineko onarpen hau lortu eta gero, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialera bidaliko dute, eta 15 egun pasa ondoren, berriz Pleno batera bidaliko dute, behin betiko onarpena egiteko.
Txomin Sagarzazu alkateak eskerrak eman die alderdi guztiei egindako ahaleginagatik. “Ahalik eta epe laburrenean gu guztion lankidetza beharko dugu eta hala izango dela ziur nago”.