[Galeria eta bideoa] Omenaldia, bisita eta erakunde arteko bilera
Iñigo Urkullu lehendakariak eta Rene Etxegarai Euskal Elkargoko presidentea Hilanderasen zirela, migranteen autobus bat iritsi da Cadiztik. Metro gutxitara, Gordailuan, Osasun Bidasoa plataformak protesta egin du.
Iragarria zegoen gaur goizean Iñigo Urkullu lehendakaria eta Rene Etxegarai Euskal Hirigune Elkargoko presidentearen etorrera. Goizean zehar, bi agintariek migranteak ardatz izan dituzten hainbat ekitalditan parte hartu dute Irunen.
Hasteko, 10:00etan, gerretatik ihesi irteten diren migranteak omendu dituzte Santiago zubian. Ukraina eta Afrikatik etorritako ordezkari banak parte hartu dute ekitaldian, eta lore eskaintza egin diete Eusko Jaurlaritza eta Euskal Hirigune Elkargoaren izenean. Jose Antonio Santano Irungo alkatea ere bertan izan da. Urkulluk Santiago zubia “mundu osoko jende askoren joan-etorrien sinboloa” dela esan du, eta elkartasunaren aldeko mezua zabaldu dute bi agintariek.
Ondoren, Ukrainatik etorritako migranteak artatzeko Eusko Jaurlaritzak irekitako zentro berria bisitatu dute. Jaurlaritzaren arabera, beste harrera zentro batzuetara bideratu aurretik dispositibo berri horretan egingo diete lehen arreta. 150 lagunentzako tokia dago bertan, eta Hilanderaseko zentrotik metro gutxi batzutara dago, Belasko kalean.
Handik Hilanderaseko zentrorako bidea egin dute. Bertan, Gurutze Gorriko kideek zentroari buruzko xehetasunak eman dizkie agintarien galderei erantzuten zieten bitartean. Dispositibo osoa bisitatu dute, jangela, sukaldea, logelak…
Protesta kanpoaldean
Kanpoaldean, ordea, zalaparta zegoen. Batetik, Osasun Bidasoa plataformak deialdia egin du Gordailuaren kanpoaldean elkarretaratzeko. Urkulluri Bidasoa eskualdeko herritarren eskaerak entzuteko eskatzen zioten, oihuka eta megafoniaz.
Horrez gain, Harrera Sarea egitura moduan, ez da bertan izan, baina Josune Mendigutxia Harrera Sareko kidea Hilanderasen kanpoaldera hurbildu da, Urkullurekin hitz egiteko asmoz. Ez diote, ordea, utzi. Agintariak dispositiboan zirela, Cadiztik (Espainia) zetorren autobus bat iritsi da, 32 migranterekin, horien artean haur txiki bat. “Hori da hemengo errealitatea 2018tik”, azaldu du Mendigutxiak. Zentrora sartu dira, baina Harrera Sareko kideak gogorarazi du ikusteko dagoela denek bertan geratzeko aukera izango duten, nahiz eta tokia izan: “Kasuistika bat gertatzen ari da, Kanaria uharteetatik etortzen direnekin. Alegia, urtebete eta bi egun igarotzen baditu migrante batek Espainiako Estatuan ez diote bertan geratzen uzten, urtebete delako muga”.
Orain, Ukrainatik datozen herritarrei lotuta, Mendigutxiak “errefuxiatu guztiei harrera bera” egin behar zaiela argi utzi du, baina bideak Ukrainatik eta Afrikatik etorri ezberdinak direla gogorarazi du, Afrikatik datozenek ez dutelako “korridore segururik”, besteak beste. “Zergatik batzuei alfonbra gorria jartzen zaie eta besteei marra gorria?” galdetu du.
Kale bat gorago, Osasun Bidasoa plataformako kideak mobilizatu dira, Gordailuaren parean. Izan ere, Hilanderaseko bisita eta gero, Gordailuan, erakunde arteko bilera zeukaten agintariek. Urkullu Gordailuaren atera iristear zela, mobilizazioan zegoen andre heldu bat jota bat kantatzen hasi zaio. Urkulluk norabidez aldatu du jota entzuteko, baina berehala, Gordailu aldera joan da berriro.
Erakunde arteko mahaian ordezkatua izan dira Eusko Jaurlaritzako nahiz Eusko Hirigune Elkargoko ordezkariez gain, Denis Itxaso EAEko Espainiako Gobernuaren ordezkaria eta Jose Antonio Santano Irungo alkatea. Bilera horretan jakinarazi dute Ipar Euskal Herriko ordezkari bat izango dela hemendik aurrera Pertsona Migratzaileei Larrialdiko Laguntza Emateko Erakundeen Arteko Koordinazio Mahaian.