[Erreportajea] San Telmo gaztelua berriro ondare publiko bihur daiteke
San Telmo gaztelua eskuratzeko txosten teknikoa idazten ari dira udal teknikariak, udalbatzan aho batez onartu ondoren. Hala ere, eraikinaren erabileraren etorkizuna ez da garbia, eta ez du alderdi guztien adostasuna.
XVI. mendean euskal kostaldeko agintariek hainbatetan eskatu zioten Felipe II. erregeari portuak babesteko zerbait egin zezan; kortsarioen erasoak ekiditea zen zuten nahia. Urte luzez eskaerak egin eta gero, azkenean, erregeak baiezkoa eman, eta Pasai Donibaneko Santa Isabel eta Hondarribiko San Telmo gazteluak eraikitzeko agindua eman zuen.
Hartara, Higerreko itsaslabarrean dagoen monumentu historikoa 1598an eraiki zen, Juan Velazquezen gidaritzapean. Eraikinaren xedea garbi geratzeko agindua eman zuen Velazquezek, eta bertako armarrian, Ad reprimenda pirratarum latrocinia irakur daiteke, hau da, piratak eta haien lapurretak kontrolatzeko altxa zuten.
Bost mendeko historia duen eraikina 1964an izendatu zuen ondare kultural Espainiako Estatuak, eta ondoren, ondare kulturalaren konpetentzia erkidegoen esku utzi zutenean, Eusko Jaurlaritzak Ondarearen Legea idatzi zuen. Babes maila sailkatua izendapena eman zioten 1990an, monumentu bati eman dakiokeen handiena, alegia. Horrenbestez, Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Hondarribiko Udalak derrigorrezko ardura dute eraikina babesteko eta horren galera, suntsiketa edo narriadura ekiditeko.
Publikotasunerantz bidea
Desamortizazioaren ondorioz, esku pribatuetan geratu zen gaztelua XVIII. mendean. Ordutik, etxebizitza pribatu bat izan da. Aldiz, aurtengo urtarrilaren 11n, Hondarribiko Udalak idatzi bat jaso zuen non monumentuaren jabeak azaltzen zuen eraikina saltzeko asmoa, eta erosle baten interesa. Horren aurrean, kostu bidez lehentasunez berreskuratzeko zuen eskubidearen berri eman zion udalari Eusko Jaurlaritzako Kultur Ondare eta Hizkuntza Politika Saileko Zuzendaritzak.
Udalbatza osatzen duten ordezkariak bildu, eta aho batez eskubide hori baliatzea erabaki zuten. Otsailaren 24eko osoko bilkurara eraman zuten afera, eta denen aldeko botoekin, txosten tekniko bat egiteko adostasuna lortu zuten. Era berean, lehentasun hori erabiltzeko epe bat dagoela jakinarazi zion Jaurlaritzak udalari; epea beteko ez balitz, eskubide hori galduko luke herriak.
Gazteluaren erabilera
Txomin Sagarzazu alkateak monumentua eskuratzea “tentagarria” dela uste du: “Ez dut esaten tentagarria modurik ahulenean, baizik eta erakargarria da, eta erantzukizunez aritzeko kontua dela iruditzen zaigu”. Ondarea berreskuratzea edertzat jo du, baina behin eskuratuta egin beharreko indusketa eta bestelako lanak ez direla oraindik kontuan hartu azaldu du alkateak.
EH Bilduko ordezkari Xabier Isasik proposamen zehatza egin du: mugaz gaindiko interpretazio zentro bat sortzea gazteluan. Hondarribiaren geroa Ipar Euskal Herriari begira egon daitekeela uste du, mugaz gaindiko proiektuei dagokienez.
Abotsanitzek, behin txosten teknikoa idatzita dagoenean eztabaidatzeko gaia dela iritzi dio. “Espediente horretan ja- sotakoaren arabera eztabaidatu beharko lukete politikoek”.