Aldarrikapenez beteriko sari banaketa
Asun Casasolaren borrokak bizirik jarraitzen du 14 urteren ostean.
Atzo arratsean, Asun Casasola Ipuin Lehiaketaren 7.edizioaren sariak banatu zituzten The Museum tabernan. Urteroko lez, aldarrikapenez beteriko ekitaldia izan zen. Izan ere, azken bi sari-banaketak maskararekin egin diren arren, “gainontzekoan ez da ezer aldatu, aldarrikapena ez delako aldatu” adierazi zuen, Joana Otxotekorekin batera, sari banaketa gidatu zuen Nerea Sarriegi kazetariak. Jakinarazi iristen zarenean lelopean egin den ipuin lehiaketak “beharrezkoa izaten” jarraitzen duela nabarmendu zuen.
14 urte bete dira aurten Nagore Laffageren erailketa izan zenetik, eta orduantxe hasi zen, haren ama, Asun Casasolaren borroka. Hala eta guztiz ere, pozik egoteko motibo nahikoa badagoela aipatu zuten: aurten 453 ipuin jaso dituzte; zazpi edizioetatik bigarren parte hartzerik handiena. Bereziki gazteen parte hartzea eta inguruko eskolen atxikimendua sendotzen ari dela goraipatu zuten. Azkenik, epaimahia osatu duten 12 emakumeei eskerrak eman zizkieten.
Ipuin laburren irakurketa eta sari banaketa
Lehiaketako irabazleen ipuinak eskualdeko hainbat kazetarik irakurri zituzten. Eta sari banaketa, bere horretan, nahikoa hunkigarri bazen ere, Maite Elizondoren arpaz lagunduta, giro berezia sortu zen ipuinak irakurri bitartean.
Mikel Gartziak, Argiako kazetariak, irakurri zuen lehen ipuina; Iraia Venturas irundar gaztearen Abisatu iristen zarenean lana. Txalo zaparradaren ostean, Venturasek, hunkituta, lehiaketaren garrantzia azpimarratu nahi izan zuen. Ondoren, Maria Jose Atienzak, Diario Vaskoko kazetaria denak, Laia Farras I Collen Avisame cuando llegues ipuina irakurri zuen. Farrasek bertan egon ezin izan zuen arren, Bartzelonatik bidalia izan zen kontakizuna, haren beldur handienaren isla zela eta “idaztea borrokatzeko era bat” delaren mezua iristarazi zuen.
Jarraian, Ander Arzakek, Euskadi Irratiko albistegi buruak, Markina Xemeingo Iraitz Legarraren Metroan ipuina irakurri zuen. Legarrak eskerrak eman zizkion antolakuntzari eta bere istorioa beste ikuspuntu batetik egin nahi izan zuela azaldu zuen, “emakume indartsuago baten ikuspegitik, ironia puntu batekin”, eta indarkeriarekin amaitzea “denon lana” dela aipatu zuen.
Marialui Garcíak, Radio Iruneko esatariak, egin zuen azken irakurketa, hain zuzen, Rosario Ros Gartziaren Tres etapas por Alicia Doval ipuin laburra. Madrildarra begietan malkoak zituelarik irten zen atrilera. Asun Casasolari “haren kemena” eskertu eta bere belaunaldiko emakumeak gauza asko lortu dituztela azaldu ostean “zerbait gaizki egin dela-eta gizartean “zerbait aldatu beharra” dagoela aldarrikatu zuen.
Ekitaldiarekin amaitzeko Asun Casasolak hitz batzuk eskaini zizkien bertaratu ziren guztiei. Casasolak, antolatzaileei ez ezik, gazteei eskerrak emateko baliatu zuen aukera, haren hitzetan, “horren ondo idazteagatik eta beren borrokagaik”. Amaitzeko, esperantza mezu bat helarazi zuen “berdintasunean oinarritutako mundu bat ikustea espero dut, lortuko dugu”.