Irune Pinatxo DYAko boluntarioa Ukrainako errefuxiatuak laguntzera joango da bihar
Mantak eta haurrentzako jostailu eta jolasak biltzen ari da gaur arratsalde arte, Guauxua txakur ileapaindegian.
Irune Pinatxo, Hondarribiko DYAko boluntarioa eta Guauxua txakur ileapaindegiaren jabea, bihar goizeko 09:00etan, Budapest (Hungaria) eta Kosicera (Eslovakiako Errepublika) joango da Ukrainako 40 errefuxiaturi Euskal Herriratzen laguntzera. Eusko Jaurlaritzak antolatu du esku-hartzea, eta Usurbildik aterako den bidaia berean joango dira ere beste boluntario bat, bi mediku boluntario, bi interprete boluntario eta bi teknikari.
Horregatik, atzo eta gaurko 20:00ak arte, mantak, animalientzako janaria eta haurrentzako jostailuak biltzen ari da bere lantokian. Ukrainarrek eta berak hizkuntza berdina menperatzen ez dutenez, hizkuntzan ez oinarritutako jolasak eramatea eskatu du. Bestalde, Pinatxorekin batera joango direnak botikak biltzen egon dira egun hauetan, eta Irungo Katea auzoko Bkan albaitaritza klinikak animalientzako medikamendua eman die.
50 eserleku dituen autobus batean joango dira seirak, eta bueltako bidaia berrogei eta lau ukrainarrekin egitea aurreikusi dute. Baita lau txakur eta katu batekin ere. Zein errefuxiatu etorriko diren galdetzerakoan, jadanik familiarren bat edo lagunen bat Euskal Herrian dutenak izango direla azaldu du boluntarioak.