Hilaren 14ean zabalduko dute matrikulazio epea udal haurreskolan
2020 eta 2021ean jaiotakoek hilaren 31ra arte izango dute matrikulatzeko aukera, eta 2022an jaiotakoek ekainaren 3ra arte.
Haurreskolako matrikulazio epea datorren astean irekiko dute. 2020 eta 2021ean jaiotakoek hilaren 14etik 31 egin ahal izango dute matrikula, eta 2022an jaiotakoen kasuan, ekainaren 3ra arte luzatuko da epea.
Eskaerak Herritarren Arreta Zerbitzuan (HAZ), autozerbitzuko terminaletan eta www.irun.org webgunean egin daitezke. Azken horren kasuan, sinadura elektronikoa beharko da.
Matrikulatutakoan, behin-behineko zerrendak argitaratuko dituzte, alegazioak egiteko aukera emanez. Ondoren, behin betiko zerrendak argitaratuko dituzte, plaza lortu dutenak eta itxaron zerrendan geratu diren umeekin. Udal haurreskolak 72 plaza ditu.
Eskaerak eskainitako plazak baino gehiago izanez gero, baremazioa aplikatuko da. Kasu horretan, familia unitatearen diru-sarrerak, anaia-arrebarik duten, gurasoen lan-egoera, familia gurasobakarra izatea eta familia-unitatean dibertsitate funtzionala duten kideak egotea kontuan hartuko dira.
Bestalde, ate irekiren jardunaldirik ez dute egingo, baina zentroa bisitatzeko aukera izango da 010 telefono zenbakian hitzordua hartuta.