Emakumeen etxea "Irun feminista" bultzatzeko lanean
Proiektuaren prozesua aurrera doa eta bertan "gozatu, elkar zaindu eta ahalduntzeko" toki bat sortzeko asmoa dute.
Emakumeen Etxearen proiektua pandemiaren ondorioz moteldu bazen ere, aurrera doa. Dagoeneko, hiru online saio eta aurrez aurreko lau egin dira, eta beste lau aurreikusita daude.
Miren Echevestek, Irungo Euskara eta Berdintasun sailen ordezkariak, Emakumeen Etxearen printzipioak, erabilerak, ekipamenduak eta kudeaketa finkatzeko prozesua aurrera doala adierazi du, “prozesuaren funtsezko momentu batean gaude: gauza asko zehaztu ditugu dagoeneko eta beste asko zehaztear daude”.
Orain arteko saioetan, Irungo Emakumeen Etxearen erabiltzaileak emakumeak adiera zabalean izango direla azaldu du Echevestek, “euren izaera, jatorria, orientazioa eta ideologia denak direla”. Bestalde, Istilaga plazako lokalaren egokitzapenaren proiektua ere aurrera doala nabarmendu du, “oinarrizko planoak zehazten ari dira”.
Prozesuan parte hartzen ari diren emakumeek “proiektu bizi, malgu eta iraunkor bat” nahi dutela jakinarazi dute, eta bertan “gozatu, elkar zaindu eta ahalduntzeko” toki bat sortzeko asmoa dute. Horrenbestez, Etxea zuzenduko duten printzipioak zehaztu dituzte, “ekipamendu publikoa, irekia, integratzailea eta plurala” izango da.
Parte hartzaileen artean ere jarduerak eta lantalde iraunkorrak jorratu dira, hala nola, ahalduntze eskola (ikastaro eta tailerrak), antolakuntza eta antolaketa taldeak eta aholkularitza zerbitzuak izango direla aurreratu dute.
Proiektuaren azken helburua “ahalduntze indibidual eta kolektiboa, inklusioan oinarritutako elkartasuna, matxismoaren kontrako borroka eta hiriko mugimendu feministaren sustapena eta sendotzea da; finean, Irun feminista bultzatzea”.
Datozen saioetan, Etxea kudeatzeko organoak eta haren eguneroko funtzionamendua zehaztuko dituzte.