Bloke kirurgikoko obrak eteteko proposamena, bertan behera geratu da batzar nagusietan
Oposizioak bat egin du EH Bilduren proposamenarekin, baina EAJ eta PSE-EEk atzera bota dute. Elkarrekin Podemos IUk idatzi bat erregistratu du Osasun Bidasoak parte hartzeko.
Osasun Bidasoa plataformako kideak Gipuzkoako Batzar Nagusien kanpoaldean ziren bitartean, ateak bestalde, EH Bilduk aurkeztutako mozioa eztabaidatzen ari ziren batzarkideak. Oposizioaren babesa lortu zuen arren, mozioa atzera bota zuten EAJ eta PSE-EEk, eta eurek aurkeztutako osoko zuzenketa onartu zuten atzoko osoko bilkuran.
EH Bilduren mozioan, bloke kirurgikoa berritzeko lanak ez hasteko eskatzen zioten Osakidetzari, harik eta langileekin erreforma obren helburuak eta ondorioak adostu arte. Juan Karlos Izagirre EH Bilduko batzarkidek obren planifikazio falta salatu zuen, eta gogorarazi zuen eskatua duela Eusko Legebiltzarrean Plan Funtzionala egitea: “Erantzuna izan da lantzen ari direla. Obra dagoeneko adjudikatuta dagoenean eta obra aurreko egokitzapen-obrak hasiak direnean”.
Are gehiago, Eusko Jaurlaritzak zerbitzu batzuk behin betiko kendu nahi dituela azaldu zuen Izagirrek, Anatomia Patologikoa, esaterako, eta hainbat ebakuntza egiteko bertan edukitzea “oso garrantzitsua” dela esan zuen. Jaurlaritzak zerbitzua “ospitale bakarrean zentralizatu” nahi duela kritikatu du batzarkideak, eta aurretik Arrasaten gauza bera gertatu dela: “«Guk ez dugu konpartitzen zerbitzuak zentralizatzeko estrategia, eskualdeko ospitaletan zerbitzuak kendu, Donostiakoan pilatzeko”.
Osasun Bidasoaren agertzea
Elkarrekin Podemos IUk, bestalde, idatzi bat erregistratu zuen atzo Osasun Bidasoak Batzar Nagusietan hitz egiteko. Javier Brusselo eta David Nuñok egin zuten erregistroa lehen orduan. Gogorarazi zutenez, obrak, maiatzean dira hastekoak, eta “luzapen denboran” daude.
Brusselok lekualdaketaren ondoriez mintzatu zen, eta gogorarazi zuen Donostiako Ospitaleak Onkologikoaren ebakuntzak ez ezik, Bidasoko Ospitaleko ebakuntza-gelako larrialdiak ere hartu beharko ditu bere gain. Bloke kirurgikoko proiektuan bilduta dauden eraberritze lanek ere ez dituztela espektatibak beteko gaineratu zuten.
Bestalde, PSE-EErengana zuzendu zen; izan ere, Irungo Udalean talde sozialistak proiektua behin-behinean eteteko eskatu du; ez, ordea, bere alderdiak “probintzia eta autonomia mailan ekidistantzia ulertezinean jarraitzen du”, adierazi du Brusselok.
Horrez gain, Nuñok deitoratu zuen orain arte emandako pausoek emaitzarik eman ez izana, eta plataformak Eusko Legebiltzarrean agertzeko zain jarraitzen duela.