Alarde Fundazioan egindako pintadak gaitzetsi dituzte EAJ eta PSE-EEk
Pintada horiek ondarea hondatu dutela eta bizikidetzari kalte egiten diotela gaitzesteaz gain, elkartasuna adierazi diote alarde baztertzailea antolatzen duen erakundeari.
Martxoaren 8an “A que huelen las nubes?” jartzen zuen pintaketa batzuk agertu ziren Alarde Fundazioaren sarreran, eta EAJ eta PSE-EE-k deitoratu eta gaitzetsi egin dituzte. “Gure iritziz, denon ondarea hondatu gabe, baditugu bizikidetza demokratikoan beste bide batzuk ideiak askatasunez agertzeko”.
Bi udal taldeen arabera, pintaketa horiek “ondarea hondatu dute, eta errespetu eta gizalege falta adierazten dute”. Era berean, bizikidetzari kalte egiten diotela uste dute. Ildo horretan, elkartasuna adierazi diote Alarde Fundazioari “bere egoitzan pintadak jasan dituelako”.