Abotsanitzek azaldu du Alarde Fundazioko pintadek ez dutela "gatazkaren konponbidean" laguntzen
Lau udal alderdiek adierazpen bateratua egin behar zuketela uste du alderdiak. Zentzu horretan, EAJ eta PSE-EEk asmo horrekin bat egin nahi ez izatea gaitzetsi dute.
Herenegun Alarde Fundazioan egindako pintaketen harira, Abotsanitzek esan du mezu pribatuz adierazi diotela elkartasuna alarde baztertzailea antolatzen duen erakundeari, eta bat egiten dute EAJ eta PSE-EE-ren hitzekin: “Horrelako ekintzek gatazkaren konponbidean lagundu dezaketenik ez dugu uste”.
Horrez gain, asteazken arratsaldean lau alderdien arteko idatzi bateratu bat egiteko eskatu zuen Abotsanitzek, baina adostasuna bilatzeko behar adina esfortzu ez dela egin deitoratu dute, eta alkateak, eta idatzi bateratuta sinatu duten bi alderdietako ordezkariek, ez dutela Abotsanitzen ordezkariekin elkartu nahi adierazpen bateratu bat egiteko salatu dute.
Alardearen auzian, Abotsanitzen borondatea, gatazkan elkarrizketa sustatzea eta elkarguneak bilatzea izango dela azaldu dute. Izan ere, konponbidea bide horietatik iritsiko dela uste dute, eta hori defendatzen jarraituko dutela esanez bukatu dute.