Bloke kirurgikoaren protesta batzar nagusietara eraman dute
Osasun Bidasoa plataformak elkarretaratzea egin du gaur goizean egoitzaren aurrean, batzar nagusietan bozkatu duten mozioa dela eta.
Gaur goizean elkarretaratzea egin du Osasun Bidasoa plataformak Gipuzkoako Batzar Nagusien egoitzaren aurrean. Hiru pankarta zabaldu dituzte, SOS Kirofanoak. Handitu, berritu hobetu, Errespetatu Bidasoa, eta hirugarrena, Onkologikoko langileena, Onkologikoa bizirik osasun publikoan lelopean.
Izan ere, gaur batzar nagusietan Bidasoa Ospitaleko kirofanoen gaia landuko dute. EH Bilduk proiektua eteteko mozio bat aurkeztu du, baina EAJ eta PSE-EEk osoko zuzenketa adostu dute; eta, beraz, azken hori irten da aurrera. Bertan, bi taldeek Osasun Sailari eskatzen diote langileekin elkarrizketak izan ondoren, Bidasoa eskualdeko erakundeei beharrezko informazioa emateko.
Mariaje Alfonso Osasun Bidasoa plataformako kidea EAJ eta PSE-EErengana zuzendu da, eta “herritarren ordezkariak” direla gogorarazi die, “herritar guztiok ordezkatzen gaituzte, eta ez soilik alderdiaren ildoa”. Irunen, esaterako, PSE-EEk obrak etetearen aldeko jarrera agertu du; ez, ordea, gainontzeko erakundeetan, batzar nagusietan edo Eusko legebiltzarrean.
Plataformak, beste behin, bloke kirurgikoko obren proiektua geldiarazteko eskatu dio Osasun Sailari, eta langile nahiz herritarren eskaerak entzutea. Hain zuen, lizitatua dagoen proiektuaren arabera, Bidasoa Ospitalean bloke kirurgikoa berrituko dute, eta obrek iraun bitartean —18 hilabete irautea espero dute—, zerbitzu hori Donostiako Onkologikoan emango zaie Bidasoa Ospitaleko pazienteei.
Elkarretaratzean alboan izan dituzte Onkologikoko langileak. Jon Galfarsorok Onkologiko langileak azaldu duenez, “Onkologikoaren jarduera monografikoa errespetatzea” minbiziaren prozesu osoa artatuko duen zentro moduan, eta langileen etorkizuna bermatzea. Azken urteetan, ordea, Osasun Sailak zentroa “husten” eta “desitxuratzen” ari dela jakinarazi du hainbat jarduera Donostiako Ospitalean txertatuz. “Onkologikoko baliabideak partxeo moduan erabiltzen ari dira eta horregatik geratuko dira kirofanoak libre Bidasoa Ospitaleko pazienteei ebakuntzak egiteko”, gaineratu du.
Elkarretaratzean izan da ere David Nuño Irungo Udaleko Elkarrekin Podemos-IUko bozeramailea. Nuñok jakinarazi duenez, Elkarrekin Podemosek erregistro bat egin du Osasun Bidasoa plataformako kideek aukera izan dezaten batzar nagusietako saio batean parte hartzeko. “Bidasoa eskualdeko arazo larri bat da, eta hemen egon behar gara”.