EAJ Etorkizuneko zaintzen inguruan arituko da Irunen
'Entzunez Eraiki' dinamikaren bigarren topaketa egingo da larunbat honetan.
Entzunez Eraiki EAJk martxan jarri duen proiektu politikoa da, izenak dioen bezala, gizarteari entzunez etorkizuna eraikitzea helburu duena. Beraz, entzute aktiboa, bere horretan, gizarteari zabaldu nahi dio.
Otsailaz geroztik, bost proposamen lantzen hasi dira; gizarte-politikak, klima aldaketa, sustapen ekonomikoa, gobernantza eta euskara. Alderdiak bere proiektu politikoa “zabaldu” nahi duela adierazi du Imanol Lasak, GBBko Berrikuntza Politikoko arduradunak, eta “proposamenak kalera hurbilduz guztion artean gure ekimenak aberastuz” burutuko dutela gaineratu du.
Larunbat honetan, hilaren 12an, gizarte politikak lantzen dituen lan taldearen bigarren topaketa izango da eta aurrekoan bezalaxe, Maite Peña Gizarte Politikako foru diputatuak zehaztuko du testuingurua: zaintzak eta mendekotasuna.
Peñak adierazi duenez, biztanleriaren zahartzea da etorkizunean “gure erronka nagusietako bat” eta zerbitzuak “etengabe egokitzen” eta “arreta emateko modu berriak aztertzen” jarraitu beharra dagoela nabarmendu du.
Topaketak bi zati izango ditu; lehenik eta behin, mendekotasunak Euskadin duen egoeraren egungo diagnostikoa egingo da eta zainketen arloan lurraldean garatzen ari diren estrategien berri emango da. Bigarren zatian aldiz, ekarpenak jasotzeko unea izango da. Horretarako, gizarte arloan zenbait aditu gonbidatuko dira.