[Galeria] Borroka feminista oihukatuz zeharkatu dute Bidasoa
Manifestazioak aurrera egin ahala herritarrek bat egin dute karrika guztietan. Hendaiako zutabearekin elkartu dira Etorbidearen zubiaren aurrean, eta denek batera amaitu dute martxa.
Arratsaldeko 17:00etan abiatu dira herritarrak Hondarribiko Martxoak 8 plazatik, eta 17:45ak aldera iritsi dira Zubimusuko biribilgunera. Bertan, irundar andana elkartu da martxara, eta parte hartzeak gora egiten jarraitu du Irun zeharkatzen joan diren heinean.
Iparralde hiribidea jaitsi eta gero, Santiagoko zubitik Hendaiara sartu dira. Etorbidearen zubirako biribilgunean, bat egin dute Hendaiatik, eta Irun eta Hondarribitik antolatutako zutabeek. Denak batu, eta Etorbidearen zubi aurrean sortu duten plazatxoan egin dituzte aldarriak.
Hendaiarrek, plazatxoari Kaxilda Hernaez Vargas izena jarri diote. Zizurkilen jaio baina Biarritzen errefuxiatuta militantzia anarkista egiteagatik egin diote aitortza, besteak beste, eta jada udalean izena aldatzeko erregistratutako eskaera aintzat hartzea eskatu dute.