[Galeria] Aldarrikapen moreak kaleak busti ditu
Zabaltza plazan aldarrikapen mezuak jarri dituzte, eta San Juan plazan elkarretaratzea egin dute udal ordezkariek nahiz herritarrek.
Martxoaren 8a euriak lagunduta etorri da. Udaletxea xingola morearekin esnatu da goizean, eta orduak aurrera joan ahala, kaleak ere kolore morez betetzen hasi dira, Zabaltza plaza, esaterako: M8 Asanblada Feministaren eskutik, aldarrikapen kartelez bete dute bai kioskoa, baita plazaren erdian jarri duten karpa ere.
12:00etan kanpaikadekin batera, San Juan plazan bildu da jendea. Martxoaren 8ko elkarretaratzea egin dute, udal ordezkari nahiz herritarrek. Jose Antonio Santano eta Miren Etxebeste erdian, Egunero beharko luke Martxoaren 8a izan mezua zioen pankarta erakutsi dute. Hamarnaka herritarrek bat egin dute elkarretaratzearekin.
Hurrengo ekitaldiak arratsaldean iritsiko dira, 17:00etatik aurrera, Hondarribitik aterako da manifestazioa, eta Zubimusu biribilgunetik sartuko da Irunera. Handik Santiago Zubira arteko bidea egingo du, Hendaiako zutabearekin batzeko. 18:00etan, Itaiak elkarretaratzera deitu du San Juan plazan, eta 19:00etan clown antzerkia izango da, Amaia KZn: Sex o no sex, Virginia Imazen eskutik.