"Non dago berdintasun teknikaria?" galdetu diote udalari
Hondarribia eta Lasarte-Oria dira berdintasun teknikaririk ez duten Gipuzkoako udalerri bakarrak.
Gipuzkoako Foru Aldundiaren arabera, Berdintasun Sailen xedea “Emakumeen eta gizonen artean berdintasuna lortzea gure lurraldeko politikagintzaren, ekonomiaren eta gizartearen alor guztietan” da. Hori dela eta, legeak dio, udaletxe guztietan berdintasunaz arduratuko den organo bat egon behar duela “banaka edo mankomunatua”.
Gainera, organo batez gain, Berdintasun teknikariaren figura “beharrezkoa” dela adierazi zuen Emakundek, eta hori herri zein hiri guztietan hala izan dadin lanean dabiltzala azaldu zuten.
Bada, Hondarribian ez dago Berdintasun teknikaririk, bai aldiz, Gizarte Zerbitzuak, Berdintasuna eta Lankidetza departamentua; Gotzone Larrarte da sailaren ordezkaria. Horren harira, gaur, pankarta bat jarri dute, sinadurarik gabe, udalaren atarian “non dago berdintasun teknikaria?” galdetuz.
Oihana Etxebarrieta, EH Bilduko Legebiltzarkide eta Jaizkibel Konpainiako kapitainak adierazpenak egin ditu gaur kalera atera den aldarriaren gainean: “Parekidetasunaren bidean urratsak emateko beren zapalkuntzez ohartzen diren emakumeak, mugimendu feminista antolatu bat eta baliabide/konpromiso instituzionalak behar dira (besteak beste). Hondarribian batek huts egiten du eta oraindik horrela gabiltza”.