Martxoaren 8aren harira, V. Berdintasun planari begira jarri da udala
Udalak adierazpen instituzionala kaleratu du. Berdintasunaren arloko politiken eta zerbitzuen diseinuan nahiz plangintzan aurrera egiteko konpromisoa agertu du.
Martxoaren 8aren harira, Irungo Udalak adierazpen instituzionala kaleratu du, eta udal talde guztiak bat etorri dira. V. Berdintasun plana izan du batik bat udalak hizpide, eta plan horrek “berdintasun politikak indartzea” ekarriko duela azaldu du.
Era berean, udalak konpromisoa hartu du “berdintasunaren arloko politiken eta zerbitzuen diseinuan nahiz plangintzan aurrera egiteko”. Besteak beste, sentsibilizazioan jarri du arreta udalak. Ildo horretatik, bai udalaren barnean baita langileen artean generoaren ikuspegia txertatu eta prestakuntza bultzatuko dituela azaldu du. Horrez gain, baliabideak indartu nahiz ahalduntzeko neurriak hartzeko prest agertu da udala, mugimendu feministaren parte hartzea sustatuz.Azkenik, emakumeen aurkako indarkeria matxisten biktimei arreta emateko sistema zabaltzeko asmoa agertu du.
Azkenik, bihar, M8aren harira antolatutako ekintzetan parte hartzera animatu ditu herritarrak.
Urtero bezala, martxoaren 8an, emakumeei historikoki usurpatu zaizkien
eskubideak lortzeko egindako borroka anitzen esanahia gogora ekarri eta aldarrikatu
nahi dugu. Borroka horiek, zalantzarik gabe, emakumeen bizitzako hainbat arlotan
aurrerapen handiak lortzen lagundu dute, eta emakumeen elkarteen eta mugimendu
feministaren ekarpenik gabe ez ziratekeen posible izango. Norbanakoen, kolektiboen
eta erakundeen arteko elkarlana da, nork bere eragin-eremutik abiatuta, indarrak batuz
eta estrategiak partekatuz helburu bera izanik jomuga: emakumeen eta gizonen
berdintasuna lortzea. Gaur egun ere, bide luzea dugu egiteko emakumeen eta gizonen
arteko berdintasun eraginkorra lortzeko, eta, horregatik, ezinbestekoa da emakumeen
eguna aldarrikatzen jarraitzea.
Esparru horretan, Eusko Legebiltzarrean Berdintasunerako 4/2005 Legearen
Aldaketa onartzeari balioa eman behar zaio, emakumeek bizitza publiko eta pribatuko
esparru askotan pairatzen duten diskriminazioaren eta indarkeria matxistaren aurka eta
berdintasunaren alde jauzi kualitatiboa egitea ahalbidetuko duen arau-esparrua
eraikitzeko testuinguru egokian sustraituta baitago.
Badakigu gaur egun gure gizartean berdintasunarekin gero eta sentsibilizazio
handiagoa duten herritarrak ditugula, emakumeenganako indarkeriaren aurkako
neurriak gero eta gehiago eskatzen dituztenak. Horregatik, lege berri hau aukera
bikaina da gizartearen aldarri horri eta erakundeek herritarren aurrean duten
konpromisoari erantzungo dion tresna bat emateko.
Berdintasunerako legearen aldaketa dator, zeinak berdintasun-politikak
indartzea ekarriko duen, eta, beraz, gizarte bidezkoago eta berdinzaleago baterantz
aurrera garamatzana. Are gehiago, indartze hori argi eta garbi islatuko da
Berdintasunerako V. Planaren bitartez Irungo Udaletik sustatuko ditugun neurrietan.
Hori guztia emakumeen eta gizonen berdintasuna, giza eskubidea izateaz gain,
demokrazian sakontzeko eta euskal gizarte kohesionatuagoa, inklusiboagoa eta sozialki
eta ekonomikoki jasangarriagoa eraikitzeko behar estrategikoa dela sinetsita.
Eta gizarte gisa dugun erronka honetan, toki-erakundeok arau-esparru berriak
dakarren erronka handiari ahalik eta erantzun onena emateko aukera dugu, betiere
herritarrekin eta tokiko elkarte eta mugimendu feministarekin lankidetza estuan, hain
zuzen ere beren kudeaketa- eta zuzendaritza-esparruetan emakumeen parte-hartzea
sustatzen duten erakundeekin dugun harremana areagotuz.
Toki entitateek berdintasunarekin eta emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko
gizartea eraikitzearekin duten konpromisoa argia izan da. Azken 15 urteetan, eta
4/2005 Legeari erantzunez, Euskadiko udalak egiturak eta aurrekontuak sortuz joan
dira, tokiko komunitateen eta euskal herritar guztien beharrei eta eskaerei erantzuteko.
Aldi berean, beharrezkoa da aurrera egiten jarraitzea, hobetzen jarraitzea eta udalerriei,
batez ere txikienei, erronka horiei aurre egiteko tresnak ematea.
Honako hauetan sakondu behar dugu: politika publiko guztietako
berdintasunaren zeharkakotasunean; emakumeen ahalduntzean; zaintza-lanak
ikusarazi, baloratu eta partekatuko dituen gizarte baten eraikuntzan; gizonak berdintasunean inplikatzean; pobreziaren feminizazioa gutxitzean; emakumeen sexu-
askatasunaren alde; eta hezkuntzan, emakumeentzako bizitza askea eraikitzeko balioak aldatzeko tresnarik eraginkorrena den aldetik.
Horregatik, martxoaren 8an, Irungo udalak konpromisoa hartu du
berdintasunaren arloko politiken eta zerbitzuen diseinuan eta plangintzan aurrera
egiteko, dagozkion jarraipen- eta ebaluazio-mekanismoak bultzatzeko eta indartzeko,
bai eta arauak, jarraibideak eta gidalerroak egiteko ere, lege honetan eta lege hau
garatzeko araudian ezarritakoa beren esku-hartze eremuetara zehazteko eta
egokitzeko, eta behar diren baliabideak emateko.Zehazki, konpromisoa hartu nahi dugu honako erronka hauetan pixkanaka aurrera
egiteko:
- Berdintasun politikak garatzeko baliabide ekonomikoak, pertsonalak eta teknikoak indartzea.
- Berdintasunaren aldeko lanean generoaren eta giza eskubideen ikuspegia indartzea, baita Udaleko arloen arteko koordinazioan ere.
- Administrazioko langileen berdintasunari buruzko barne prestakuntza bultzatzea, oinarrizko, derrigorrezko eta etengabeko prestakuntza plana progresiboki planifikatuz.
- Emakumeen aurkako indarkeria matxista mota guztien biktimei arreta emateko sistema zabaltzea, udalaren eskumenen esparruan, detekzio goiztiarreko sistemen hobekuntzan aurrera eginez, neurri guztien erdigunean biktimen eskubideak eta haien ahalduntzea kokatuz, eta biktimen erreparazio eskubidearen aitorpena aintzat hartuz.
- Ikuspegi intersekzionalaren integrazioan aurrera egitea, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko esku-hartze publiko osoaren ikuspegi inspiratzaile gisa.
- Herritarren sentsibilizazioan sakontzea, gizartea kontzientziatzeko eta emakumeak ahalduntzeko kanpaina eta programa instituzionalak daudela bermatuz, bereziki gizonak eta haurrak.
- Berdintasunaren aldeko eta emakumeak ahalduntzeko neurriak osotasunean garatzen jarraitzea, mugimendu feministaren parte hartzea bultzatuz eta haien ekarpenak sartuz.
- Erakundeen akordioak eta koordinazio sistemak eta protokoloak hobetzea eta aldian-aldian eguneratzea.
- Hiritar guztiei zuzendutako sentsibilizatze eta pedagogia kanpainak egiten jarraitzea, gure gizarteak aurrera egin dezan eta genero-arrazoiagatik diskriminatzen duten jarrera eta portaerak atzean uzteko.
Martxoaren 8a dela-eta, herritar orori dei egiten diogu gure hirian antolatutako
mobilizazioetan parte har dezan!