[Erreportajea] Emakume irundarrak saretu eta integratzeko elkargunea
Gure Artean programak emakume etorkinen eta bertakoen elkartasun sare bat osatzea du xede, euren artean intereseko gaien inguruan hitz egin eta etorri berri direnak Irungo gizartean integratzeko.
Irudikatu honako egoera: emakume etorkin bat, familiarekin, Irunera etorri berria. Agian, ez du senide edo lagunik bertan izango; agian ez du hizkuntza ere menderatuko. Errolda dela, Lanbide, osasun arreta, eskolako matrikulazioa edo dena delako kudeaketak egiteko zailtasunak izango ditu. Egoera horiei irtenbidea emateko Gure Artean programa martxan jarria du Irungo Udalak 2018tik. Denbora horretan guztian partaideen egoerara egokitzen joan da Gizarte Ongizate Saila. Itziar Elizondo teknikariaren esanetan, emakumeengana zuzendutako programa sortzeko erabakia hartu zuten, horiek “atzean” geratzen zirela, eta “bultzada” eman behar zitzaiela iritzita. Aurtengo berritasuna da bertako emakumeenagana ere zabaldu dutela programa. “Helburua da beraiek [emakume migranteek] hiria ezagutu eta Irunen nola bizi den jakitea, partaideen artean sareak sortuz. Hori lortzeko betidanik Irunen bizi izan diren emakumeek parte hartzea garrantzitsua da”, adierazi du Irune Hernandez Gizarte Ongizate Saileko teknikariak.
Askotariko gaiak lantzen dituzte, interes edo taldearen beharraren arabera: lana non bilatu, sortzen zaizkien arazoei zein irtenbide eman… Era berean, esperientziak partekatu eta hizkuntza (gaztelania) praktikatzeko aukera daukate saioetan. Talde txikitan ere banatzen direnez, “konfiantza giroa” sortzen dela nabarmendu dute teknikariek. Aretoak ere proiektore bat du, eta filmak eta horrelakoak ere ikusten dituzte.
Elkargunea, Palmera Montero
Astean behin daukate hitzordua Palmera Monteron, eta bi txanda eskaintzen dituzte: ostegunetan 16:00etatik 17:30era eta ostiraletan 10:00etatik 11:30era. Goizeko txandak izaten du arrakasta gehien, umeak eskolan direla aprobetxatuz. Hogei laguneko taldeak osatzen dituzte, eta koordinatzaile baten laguntzaz mahai baten bueltan ibiltzen dira hitz egiteko. Udan, gainera, txangoak egiten dituzte, haurrekin.
Iaz, 32 lagun pasatu ziren programatik, gehienak 36-60 urte artekoak (19) eta jatorriz Marokokoak (11). Gainontzekoak Errumania (5), Kolonbia (3), Brasil (2) eta Mexikokoak (2) izan ziren, besteak beste. Emakume horiek oso ondo baloratu zuten programa, eta beste bati gomendatuko zietela ere adierazi zuten.
Aurtengo ikasturtea otsailaren 17an hasi zuten, eta abendura arte luzatuko da. Norbaitek izena eman nahiko balu oraindik aukera dago irun.org/ultimosdiaspara-n edo 943 50 51 52 telefono zenbakian. Izen ematea doan da