Kultura arloa sanmartzialak prestatzen hasi da
Kultura arloak argi utzi du bakarrik "baldintzak egokiak badira" ospatuko direla jaiak, baina lan ildo batzuk garatzen hasi da, musika, kartela eta egitarauerako proposamenak.

Sanmartzialei begira jarri da udala. Pandemia dela eta, bi urtez bertan behera geratu ondoren, udalak ez du berretsi 2022an egingo direnik, jaiak bakarrik “baldintzak egokiak badira” ospatuko direla iragarri du.
Nolanahi ere, dagoeneko lan ildo batzuk martxan jarri ditu udalak. Batetik, bertako taldeek kontzertuetan parte hartzeko izena eman dezakete, hilaren 13ra arte. Bertan parte hartu ahal izateko baldintza batzuk bete beharko dituzte taldeek: taldekideen %50 Irunen erroldatuta egotea, 60 minutuko gutxieneko errepertorioa bermatzea eta kontzertu egunetako batean (ekainaren 18an, 25ean edo 28an) jotzeko moduan egotea. Ez dago baldintzari adinari dagokionez.
Eskuorria www.irun.org helbidean edo cultura@irun.org-en eskatu dezakete.
Kartel lehiaketa, martxan
Jaietako kartela diseinatzeko oinarriak ere onartu dituzte. Lanak apirilaren 12tik 22ra aurkeztu ahal izango dira Amaia KZn. Batzorde artistiko batek lan guztien lehen aukeraketa egingo du, eta, ondoren, herritarren kartel irabazlea nor izango den hautatu ahal izango dute.
Azkenik, egitaraua antolatzeko garaian herritarrek euren proposamenak egiteko aukera izango dute hilaren 24ra arte. Horiek HAZen egoitza elektronikoan eta HAZen bertan egin ahal izango dira.