Eskualdeko M8ko manifestazioa, Hondarribitik aterako da
'Patriarkatua sutara!' oihuarekin hartuko dituzte kaleak bidasoarrek astearte arratsaldean. Aurretik, aldarrikapen mezuak sortzeko tailerra egingo da, gero, Santiago zubian mezu horiek zintzilikatzeko helburuarekin.
Agerraldia egin dute M8 Asanblada Feminista Bidasoako kideek Hondarribiko Martxoak 8 plazan, Emakumearen Egunaren karietara antolatutako eskualdeko manifestazioan emakumeen eskubideak “ozenago eta argiago” aldarrikatzeko baliatuko dutela adierazteko. Patriarkatua sutara! izango da lelo nagusia, modu horretan, Euskal Herriko Mugimendu Feministarekin bat egingo dutela jakinarazi dute.
Jada iragarri zen gisan, manifestazioa Hondarribiko Martxoak 8 plazatik hasiko da 17:00etan datorren asteartean, eta Irunerako noranzkoa hartuko dute, non Zubimuxuko biribilgunean, Txanaleta plazan eta Zabaltza plazan irundarrekin elkartuko diren. Ondoren, Iparralde hiribidea jaitsiz, Etorbidearen zubira joango dira, zehazki, bertan dagoen izenik gabeko plazatxora.
Bertan, Urruñako Pausutik ateratako Hendaiako zutabea iritsiko da, zeintzuk aipatutako barrutitik atera, Herriko Etxetik pasa eta Irunerako ibilbidea osatuta izango duten. Pausuko plazatik hasiko dute martxa 17:30ean, Apeteniatik, Errepublika plazara emango dituzte pausuak, eta azkenik, Etorbidearen zubian, behin bidasoar guztiak elkartuta, Lapurditik joango direnek ekintza bat egingo dutela aurreratu du Itziar Varela, M8 Asanblada Feministako antolatzaileak.
Eskualde guztia manifestazio batean batzea “historikotzat” jo dute. Gainera, hendaiarrentzat ere hala dela bereziki nabarmendu du Varelak, Urruñako eta Biriatuko udalen babesa dutelako, eta “lehenengo aldia da” sostengu hori jasotzen dutena. “Egia da pandemia baino lehen manifestazio handi bat egin genuela Iruneraino, eta Iparraldeko jendeak parte hartu zuela, baina ez genuen sostengu ofizialik. Momentu historikoa da”.
Hedabide batzuetan mezu okerrak zabaldu direla azaldu dute, izan ere, manifestazioa beste leku batetik hasiko zela zabaldu dute, eta zuzenketa egitea eskatu dute: “Irun eta Hondarribiko zutabea, Martxoaren 8 plazatik irtengo da”, argitu du Karmele Tolosa M8 Asanblada Feministako kideak. Halaber, Herriko Etxearen orrialdean ez dagoela informazioa ongi jasota ohartarazi dute. Gaur HITZA-k argitaratutako gehigarrian, egun hauetako egitarau osoa dago irakurgai.
Patriarkatua sutara! lema, gizarteak berdintasunarekin zor bat daukalako zabalduko dutela azaldu dute. “Erre dezagun matxismoa, bota dezagun sistema patriarkala sutara, egin dezagun guztion artean gizarte justuagoa, berdintasunezkoagoa, eta amai dezagun behingoz soldata, lan arraza eta abarren arteko desberdintasunekin emakume izateagatik soilik”.
Etxeetako atari, leiho eta dendetan, aldarri moduan, kolore moreko gauzak jartzeko deia egin dute, “gurekin bat egiteko”. Horrez gain, martxoak 8an, 11:00etatik 13:00etara Irungo Zabaltza plazan, eta Hondarribiko Martxoak 8 plazan, aldarrikapen mezuak jasoko dituzte, jarraian Santiago zubian eskegitzeko.