[Erreportajea] Zaintzeak tantaz tanta zulatzen ditu
Etxekoen zaintzaren hamar ordutik sei emakume batek egiten ditu, gehienetan doan. Ardura horrek «zure buruaz ahaztea» dakarrela salatu dute, eta adinarekin are aldapatsuago bilakatzen dela egoera.
Zaintza eta emakume terminoek lotura hertsia dute; badirudi jaiotzez esleitzen zaiela besteren zaintzaile izateko kargua, eta patu gordin hori da datuek islatzen dutena: Eustaten iazko ikerketa baten arabera, emakumeek zaintzen eta etxeko lanen %67,2a betetzen dute Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Funtzio askotan sailkatu dute azterlan hori, eta umeen, adinekoen eta gaixoen zaintza eginkizunetan, batez beste, arduraren %65a emakumeena da.
Are gardenago mintzo da ikerlan hura: «Emakume okupatuek gizon okupatuek baino denbora gehiago ematen dute adinekoen eta mendeko pertsonen zaintzetan». Datuak egunerokora ekarrita, emakume okupatuek haien kargura dauden mendekoak zaintzen gizonek baino ia ordubete gehiago ematen dute egunean. Ordaindu gabeko etxeko lan horrek Barne Produktu Gordinaren (BPG) %18,6 suposatuko luke aitortua balitz, –gizonena %9,1ekoa da, hau da, emakumeenarekin alderatuz, pisu ekonomikoaren erdia–.
Kasik ezkutuko lana da, gainera, etxe barrukoa, izan ere, ez baitago jasota zenbat emakume dabilen egunero senitartekoren bat zaintzen. Bebi Fernandez hendaiarra da haietako bat; 60 urte ditu, eta 96 urteko bere amarekin bizi da. Argi esan du zaintzaren ardura osoa ez litzatekeela seme-alaben gain geratu behar, nahiz eta berak «maitasun osoz» egiten duen, amak bera hala zaindu zuelako. Egunero erizain bat joaten da etxera, baina ez dela nahikoa salatu du: «Beti bezala, sistema gizartearen eskaerak baino motelago doa». Denbora guztian egoten da adi amari, eta horregatik, zaintzeak «zure buruaz ahaztea» dakarrela adierazi du Fernandezek. Bada, sistema kapitalista, matxista eta patriarkalak eragiten dituen albo kalteez ari da.
Emakume gehienak ezkontzen direnean edota ama izaten direnean, adibidez, derrigorrez zaintzen hasten direla azaldu du, eta orain, bere amaren zaintzan diharduela ikusita, ez luke nahi bere seme-alabek rol hori derrigorrez hartu behar izatea.
Horretarako, uste du politikariek baliabideak jarri beharko lituzketela, bizitza hobe baten bidean; duinago baten bidean.
Pilar Isasti antxotarra da, 63 urte ditu, eta Ibizan (Balearrak, Herrialde Katalanak) urte luzez bizi ostean, 90 urteko bere amaren etxera itzuli da bizitzera; ordutik, hura zaintzen egoten da egunero. Fernandezekin bat egiten du bizitza pertsonalik ez duela onartzean: «Bere egoeraren menpe nago. Ezin duzu bakarrik utzi, gerta daitekeenagatik». Zein laguntza dauden ez dakiela onartu du, baina ziur dago ez direla nahikoak egoera arintzeko. Oro har, informazio falta dagoela uste du, eta gizarte laguntzaileengana jotzerakoan, pilota elkarri botatzen diotela salatu du: «Familiak tira egiteko derrigortasunean gaituzte. Uste dut kontrol handia dagoela, baina informazio gutxi.
ZAHARTZEN ARI DIRA
Iaz 2.193.199 lagun bizi ziren Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, eta horien laurden batek 65 urte baino gehiago ditu. Gainera, 50 eta 60 urte artean dituzten 377.807 pertsona daude. Horrek esan nahi du bost edo hamar urteren buruan, gizartearen erdiak 60 urte baino gehiago izango dituela. Gizartea zahartzen ari da, eta harekin, etxekoak zaintzen dituztenak ere.
Paradigma horrek adineko emakumeen aurkako ezkutuko indarkeria sistematizatzen du. Hala baietsi zuen IPES Elkarteko kide Lurdes Rodriguez Landa sopelarrak, otsailean Pasai Donibanen eskainitako hitzaldian. «Ardura banaketa hau ez da naturala. Gu ez gara honetarako jaio, hau sozialki sortu da». Eraiki den bezala deseraiki beharko litzatekeela sinetsita dago; zaintza sistema publiko berriak funtsezkotzat jo ditu.
Gizarte mailako arduran jarri du fokua hizlariak, familia eredua orokortua baitago, eta harekin, etxeko emakumeen, okupatu edo ez, esplotazioa. «Ez da arazo isolatua, ez dira lau zoro edo lau mozkor»; emakumeak dira, emakume jaiotze hutsagatik, biziarteko motxila hori bizkarrean daramatenak.
DOAKO LANGILEEN KONDENA
«Adineko andreak doako langileak dira», esan du ahoan bilorik gabe; eta horrek dakartzan zuzeneko albo-kalteak hartu ditu ahotan, besteak beste, erretirorik eza eta, horrekin, pobreziaren kondena. Baliabide ekonomiko ezak dakarren mendekotasunak, zenbaitetan, hil artean erasotzailearenean biziraun beharra dakar. «Nola eta nora alde egingo dut?».
Azpikotasuna errotik abolitu behar dela uste du sopelarrak, haurtzarotik, ez baita antzinako kontua, gaur egun ere existitzen da, itzaletan. Alta, etxe barrukoak eragin zuzena du kanpokoan ere, gizartean, politikan, zahartzaroko bakardadean… «Gure adinekoek bizitza osoa eman dute lanean eskubiderik gabeko enpleguetan». Gaur egun itxuraldatu besterik ez da egin errealitate hori, emakumeek, okupatu izan edo ez, zaintzaile izaten jarraitzen dutela argi frogatzen baitute datuek, «ez da adinekoen arazoa, adinak areagotu egiten du», beste zenbait pisu gehitzen baitzaizkio, ezinbestean, nahitaezko motxilari.
Eustaten ikerketako emakume horien %18k adierazi zuen ez daudela «batere pozik» haien bikotekidearen lankidetzarekin. Eta ez dira isilik geldituko. Martxoaren 8 honetan ere kaleak hartuko dituzte indarkeriari hortzak erakusteko; indarkeriari baino, indarkeriei: «Orotarikoak dira», azaldu du IPESeko kideak, «batzuk dira egiten dizkigutenak, baina beste batzuk existitzen dira kasurik egiten ez digutelako». Sistemaren biolentziari erantzun sistematikoa eman behar zaio, eta halako munta duten arazoei mikro aurrizkia ezartzeari utzi: «Mikro hori bizitza osoan, esparru guztietan existitzen baita, eta ur tantak arroka zulatzen du azkenean».