[Erreportajea] Hiriaren historia munduko mapan kokatzeko harrobiak
Aranzadi Zientzia Elkarteak Jaizkibelen 25 bat errotarri harrobi topatu zituela jakinarazi berri du. Udalaren babesarekin ikerketa jarraituko dute, harrien bidea zein zen ezagutzeko.
Aranzadi Zientzia Elkarteak, Hondarri- biko Udalaren babesarekin, Errotarri harrobia Jaizkibel mendian. Hondarribiko XVI. mendeko gizartea eta ofizioak izeneko lanketa egin du. Lantalde horretan aritu dira Iñaki Sanz-Azkue Aranzadiko herpetologia saileko kidea, Denis Alvarez EHUko historia doktorea eta irakaslea, eta Javier Castro eta Yoseba Alonso, Aranzadiko etnografia sailekoak.
Lantaldeko kideek adierazi dute gaiaren gaineko erreferentzia batzuk jasota zituztela XVIII. eta XIX. mendeetako hiztegi batzuetan, eta Castrok Euskal Herriko beste leku batzuetan errotarriak mendian izaten zirela adierazi du. Orduan, ea Jaizkibelen nolatan ez ziren egongo galdetu zion bere buruari.
Bestalde, Alvarezek duela zortzi urte liburu bat argitaratu zuen, XVI. mendeko Hondarribiari buruzkoa; zehazki, testamentuak ziren horren gai nagusi, eta lan horrekin segituz, pertsonek emandako testamentuak bildu zituen ondoren. Orduan, Castrok dokumentu horietako batean Jaizkibelgo errotarrien gaineko informazioa jaso zuen lehenengoz. «Bagenuen dokumentu zahar bat adierazten zuena errotarri harrobiak zan zirela Jaizkibelen, baina ez zuen zehazten non, ez genuen beste pista ezta aztarnarik», azaldu du Sanz-Azkuek.
25 harrobi
Behin aurrerapauso hori emanda, lantaldea eratu zuten eta 2020ko konfinamendu aurretik harrobien bilaketari ekin zioten. Itxialdia dokumentazioa are gehiago aztertzen jarraitzeko baliatu zuten, eta urte hartako udaran, bisita gidatu baten bidez, aurkitu zutena azaltzeko aurkezpena egin zieten Hondarribiko Udaleko ordezkariei, hala nola, Txomin Sagarzazu alkateari eta Juan Luis Silanes Kultura ordezkariari. Ikerketa elkarlanean gauzatzeko akordioa lortu zuten orduan.
Elkarteak duen esperientzia aintzat hartuta, 79 laginketa eremu izendatu zituzten Jaizkibelen ikerketarekin hasteko. Horiek miatu, eta 24-25 harrobi topatu zituzten. Horietatik zazpi dira interes berezia piztu dutenak, eta horietako batean gezterak egiten zirela jakin dute. Harrobia esaten denean, hori «zentzu zabalean» ulertu behar dela dio Alvarezek: “Ez du esan nahi harrobi bat dedikatzen denik edo harlandua ateratzera, edo errotarriak ateratzera. Harrobi berean topa litezke bi gauzak”. Jaizkibelgo harrobi horietatik zazpik dituzte errotarriak, “horrek egiten ditu besteengandik ezberdin”.
Hondarribian zeuden errotetan era- biltzen zituzten harriak ez zirela Hondarribitik ateratakoak, baizik eta kanpotik ekarritakoak jakin bazekiten. Orduan, ea zergatik egiten zuten halako produkzio ikaragarria aztertu nahi dute. Horren erantzuna da produkzioa kanpora eramaten zutela, horretaz ziur dago lantaldea.
Amerikara
Alvarezen esanetan, XVI. mende hasieran Isasti izeneko Lezoko historialariak kronika batean esaten zuen Jaizkibelgo produkzio hori Ameriketara eramaten zela: “Orain, ziurtatu dugu errotarriak Sevilla eta Cadizera eramaten zituztela, baina ez ziren han erabiltzeko. Bitarteko toki bat ziren portu horiek, errotarriak Amerikara eramateko. Orduan uste zuten sortzen ari zen gizarte berri batean erabiltzeko egiten zituztela”.
Dokumentu zaharretan sakonduz, Hondarribitik zabra izeneko itsasontzi batzuk itsasoan barna errotarriekin ateratzen zirela irakurri zuten. Zabretan, gutxi gorabehera, 8-10 bat marinel joaten ziren, eta Kantauri itsasoa jarraituz, penintsulari buelta emanez, Portugal, Cadiz, Sevilla eta Kanariar Uharteetara eramaten zuten Jaizkibelen ateratakoa. Orain, hipotesi horri eutsi eta ea noraino iritsi ziren jakin nahi dute, ea ibilbiderik zegoen, eta ea beste portuetan horrelako harririk ote zegoen.
Horretarako, alkateak baieztatu du apirilean egingo den kreditu aldaketan onartuko dutela ikerketa hau babesten jarraitzea: “Lan horretan jarraitzeko bidea erakutsi digute eta interesa dugunez, aurrera egingo dugu”.
Egindakoaren dibulgazio lana, Arma Plaza Fundazioan lantzen ari diren unitate didaktikoen bidez egitea dela aukeretako bat adierazi du Sagarzazuk: “Bide hori egin dezakegula uste dugu. Ez gure herriari buruzko lana delako, zer landu ere badagoelako baizik”.