[Erreportajea] Ahalduntze indibiduala, kolektiboari azaleratuz
Ahalduntze indibiduala gauzatu bidean, ahalduntze kolektiboaren babesa zein beharrezkoa den azaleratzera etorriko dira gaur Neus Albertos Meri eta Txaro Martinez Laskurain.
Ahalduntzeko mila modu topa daitezke. Espazio eta momentu ezberdinetan sendotu daiteke emakumea. Mezu motz eta luzeek, uste gabekoek edo aurretik ongi barneratutakoek, eragina izan dezakete buruan txinparta pizterako garaian. Alegia, betaurreko moreak jartzerako momentuan. Gainera, ez da kasualitatea behin feminismoak begiratzeko antiojo horiek janzterakoan ez direla kentzen, eta horren atzean ezinbestekoa da jasaten den biolentzia matxista partekatzea, baita deseraikitzen ari den hori elkarbanatzen joatea ere.
Praktika hori era formalean edo informalean egin daiteke, hau da, egunero lagunei eta familiari konta dakieke hori, edo akaso beste espazio baten beharra izan daiteke. Bigarren kasu horretarako ahalduntze espazioak eskaintzen ditu Neus Albertos Merik, emakumeen taldeak dinamizatzen aditua hura; ondorioz, Euskal Herriko emakume talde asko ahaldundutakoa da.
Gaur Hondarribian izango da Emakumeen arteko elkarrizketak saioa eskaintzen, Emeki Elkarteak gonbidatuta, 19:00etatik aurrera Kultur Etxean. Hizketaldi gisakoa izango da. Tailer edo ikastaro bat izan zitekeen, baina hizketaldi bat da. Albertosez gain, Txaro Martinez Laskurain izango da bertan: aspaldi Albertosen hizketaldi baten entzule izan zen, eta hartatik bere ahalduntze espazioa irekitzen ari da. Bilkuraren xedea, baina, ez da dinamizatzaileek bakarrik hitz egitea, norbere jakintza eta bizitakoa elkarbanatzea baizik. «Elkarrizketan beti daude ekarpenak egin ditzaketen zatiak, ez dago planteamendu bakar bat, egi bakar bat, errealitate bakar bat; esperientziak elkarren artean aurkitzen dira eta elkarrekin ikasten dute», azaldu du Albertosek.
Gainera, emakume guztiek gauza bera bizi dutela pentsatu ohi dutela azaleratu du Albertosek, eta haren hitzetan, biolentzia berbera jasan dezakete bi emakumek, baina ez dute berdin sentitzen. Horren aurrean, ideiak elkarbanatzea ezinbestekotzat du.
AHALDUNTZE ESPERIENTZIA
Martinez lehen aldiz Albertosek dinamizatutako jardunaldi batzuetara joan zenean, matxismoa zer zela bazekiela aitortu du, bizi zuelako, baina ez zion izenik jartzen. «Nire garaiko emakume askori gertatu zaie hori».
Orain, ahalduntze esperientzia horren dinamizatzailea da, eta bere burua feministatzat aldarrikatu arteko esperientzia partekatzen saiatuko da. Prozesu hori ez duela bakarrik egin esan du, bere etxean bi semerekin eta senarrarekin bizi dela, eta haiek ere aldaketarako jarrera erakutsi behar izan dutela nabarmendu du.
Ez dela babes kontua, benetako jarrera aldatze kontua dela uste du. Horretarako metodo baten berri eman du: pelikula bat ikustean, matxista edo sexista den hura aipatzen joatea etxekoen aurrean. «Ez zen izan nik bakarrik ikastea. Nik bi seme ditut eta senarra, eta haiek nirekin ikasten joan behar izan zuten, bidea egiten, eta hori oso garrantzitsua dela uste dut. Garrantzitsua da haiek ere aldaketan sartzea, hori da benetako eraldaketa».
Gaurko saiora bertaratzea asmo dutenei, adinari ez erreparatzeko eskatu die Albertosek. «Adinarekin eta interesekin zerikusia duen iritzi eta estereotipo asko dago. Esate baterako, adinekoen kasuan kezkatuta gaude hiri altzari bihurtzen ari garela ematen duelako, baina asmoa da interpelatuta sentitzea, ezagutu nahi izatea».