[Elkarrizketa] Zaintza, bizitza mantentzeko lan guztiak izango lirateke
Ekonomia Feministako Eskola berriro egingo dute Ara! Gorputzeko kideen bultzadaz Astigarragan. Irailaren 16an da aurkezpena, eta izen emateak 'info@aragorputz.eus'-ra idatzita egin daitezke.
Ekonomia Feministako Eskolak Mundu Bat fundazioak 2014ean abian jarri zituen emakumeen topaguneak dira. Abya Yalako herrialdeetako emakumeek pedagogia feminista eta herrikoia erabiliz sistematizatu zituzten. Gurera egokitu dituzue. Zeintzuk dira egokitzapenak?
Aldaketa nagusia da daukagun mundu ikuskera, herri kolonizatzailearena. Kolonizatzaile Europako kide garen partez, eta Espainiako nahiz Frantziako estatuetako lurraldean bizi garen aldetik. Beste aldetik, Euskal Herrian egotearen beste berezitasun bat da herri kolonizatzaile baten barruan egonda, herri kolonizatu bat garela oraindik ere. Honek eztabaida sor dezake. Azkeneko Euskal Herriko Topaketa Feministetan egon zen gatazka horren gainean. Nik uste dut hortik badugula erronka oso polita, eta Eskolatxoko prozesuetan irekitzen da horren gainean eztabaidatzeko parada. Lits asko dituen gaia da, eta beldurra ematen digu.
Kolonizatu eta kolonizatzaile izateak kontraesan asko dakartza. Armak Euskal Herrian sortzen dira, baina gero badakigu Euskal Herria izan dela esperimentazio polizialerako eremu bat. Hemen jasan dugun biolentzia bereizgarria da. Nik uste dut hori dela Eskolatxoen egokitzapenaren erronka nagusia. Eta horretan dihardugu. Ez du esan nahi bat-batean egi absoluturik ateratzen dugunik, prozesu bat da non sortzen dugun jakintza lokatzetik, oinarrietatik. Ez dugu pulpitu unibertsitario batetik hitz egiten, baizik eta gure bizipenetatik sortzen dugun jakintzatik. Prozesuaren erritmoa, daukagun ohitura produktibista kapitalistarentzako izan daiteke motela bezala irakurria, edo ziklikoa. Gai berberetara goaz askotan, eta buelta bakoitzean ikusten dugu ekarpenak egin daitezkeela.
Ekonomia feministaren helburuak, lan erreproduktiboa eta zaintzak aitortzea dira.
Zaintzarekin badugu erronka oso handi bat. Gai askorekin bezala. Adibidez: McDonalds orain beganoa da. Beste gauza batzuekin ere badaude apropiazio batzuk nahiko inportanteak, eta sinplifikazio batzuk nahiko izugarriak. Zaintzarekin horrelako zerbait gertatzen da. Propagandan erlazionatzen da zaintza umeen edo adinekoen zaintzarekin. Eta egia da garrantzitsua dela gaia, oso larria. Baina hor ere ari gara berriro oinarri bezala hartzen erreprodukzio humanorako oinarri bat dela familia nuklearra. Joaten gara berriro rol batzuetara non emakumeok ditugun umeak, eta zaintzen ditugun gure gurasoak. Egitura bat dugu, eta horretara goaz. Izan liteke abiapuntu bat, baina horrekin dagoen arriskua da sinplifikatzea ertz batera, eta elikatzea oraindik gehiago eskulanaren erreprodukzioa, forma normatiboa. Hitz egiten da asko zaintzaren beharraz, baina iruditzen zaigu ez dagoela aintzat hartuta gizartean oro har, ezta eremu eraldatzaileetan ere. Hitz egiten dugu zaintzaz, baina ia-ia erabiltzen dugu feminismoarekin egin den bezala, partxe baten gisan. ‘Nik badut zaintza saio bat’, edo ‘ni feminista naiz’ esaten duenik bada; baina gero, zer eduki dauka horrek? Hutsune edo erronka bezala plantea dezakegu. Hain zaila da… Izan ere zaintza lanak bizitza mantentzeko lan guztiak izango lirateke, eta bizitza ez bakarrik biziraute terminoetan, baizik eta sustatzekoan ere. Hor kokatzen gara.
Eta inoiz ez da planteatzen nork zaintzen duen zaintzen duena.
Zaharren eta umeen kontuarekin badaude urgenteak eta garrantzitsuak diren gauzak. Urgentzia da atzerritartasun legeak sortzen duen esklabotza situazioarekin bukatzea, familia nuklear horien gabeziak estaltzen dituen egoerarekin, alegia. Aldiz, garrantzitsua da perspektiba zabalago batetik ikustearena. Jendarte bezala, zer ari da gertatzen gure adinekoekin? Aurreko Eskolatxoan batek aipatzen zuen elkarrizketatu zuela adinekoak zaintzen zituen emakume arrazializatu bat, haren baldintzen gainean. Emakume horrek esaten zuen gauzetako bat zen guk, zuriok, ematen geniola pena, ari ginelako galtzen pila bat adineko. Gauza bat da esatea objektiboki esklabotza bat dela, eta gero beste aldetik enplegurako bizi garela oro har.
Aurtengo eskola orain Astigarragan egin behar zenuten, baina atzeratu egin da. Parte hartzearen konpromisoa oso garrantzitsua dela adierazi duzue. Zertarako?
Konpromisoa, eta badago beste hitz bat agian badaukala horrekin harremana: diziplina. Kristoren beldurra diogu eta arbuiatu egiten dugu. Oso kuriosoa da, zeren konpromisoak eta diziplinak atzera botatzen gaitu erlazionatzen ditugulako eredu maskulinoarekin, edo baita ikuspegi militar batekin ere. Oso kuriosoa da nola praktikan daukagun konpromiso eta diziplina gure enpresarekin, adibidez. Normalean guk egiten dugun lanarengatik badago beste norbait edo enpresa bat, ez garela gu eta gehienetan ez direnak konfiantzakoak, ateratzen dutela etekin bat gure lanetik, hau da, lapurtzen ari dira. Nahiko kuriosoa da zein konpromiso eta diziplina dugun gure buruarekiko. Zertarako ez daukagu denbora, eta zertarako bai? Zerekin ez dugu diziplinatuak izan nahi, eta zerekin bai? Parametro batzuetan ikus ditzakegu zeintzuk diren gure bizitzaren lehentasunak. Bizitzaren bidea norabide baterantz egin nahi baldin badugu, bizitzaren alde, horretan mantendu behar gara. Sakrifizio bat bezala da zure buruari esatea ‘ni horretarako nago, bide horretan noa, zainduko naiz, eta nire ingurukoak ere zainduko ditut’. Bizitzaren sostengarritasunaren gaineko hausnarketa hortik egitea iruditzen zait interesgarria, ikusteko zertan inbertitu nahi dugun energia. Horretan mantentzeko behar dugu diziplina eta konpromisoa, guretzat eta taldearentzat. Niretzat hori litzateke sendatzeko bidearen euskarria.