Mugikortasuna hobetzeko, bost eremu berrurbanizatuko dituzte
Asfaltozko eta berrurbanizazio lanak ditu ardatz gaur aurkeztu duten 'Kalez kale Hondarribia hobetuz' planak. Aurrekontua 3.329.404,07 eurokoa da, eta datorren astean hasiko dira lanekin.
Hondarribiko hainbat kale berrurbanizatzeko Kalez kale Hondarribia hobetuz plana aurkeztu dute gaur udaleko Osoko Bilkuren aretoan Txomin Sagarzazu alkateak, Juan Luis Silanes Ingurumen eta Mugikortasun zinegotziak, eta Gonzalo Carrion Obretako zinegotziak.
Agintaldi Plan Eguneratua iaz aurkeztu zuten eta bertan 7 ardatz jaso zituzten, horietatik bi dira garapen iraunkorra eta mugikortasun iraunkorra. Ardatz horietatik zintzilik dauden proiektu nagusia gaur aurkeztutakoa dela adierazi du Sagarzazuk. “Gure estrategiaren barnean dago, gure plazak eta hiri-inguruak hobetzeko ekintza integraleko plan bat da”.
Hiriko eremu eta auzoen oreka bilatzen dutela argudiatu dute, “hiria kontserbatu, mantendu eta berritzearen” aldeko apustua eginez. Plana idatzi ahal izateko koordinazioa ezinbestekoa izan dela nabarmendu nahi izan dute; jada Eusko Jaurlaritzak eta Foru Aldundiak abian dituen planekin ez gainjartzeko, hala nola, Jaizkibelgo mendi urak jasotzeko proiektua eta San Lorentzo urmaelarekin. Hondarribiko jaiak ere aintzat hartu dituzte, eta abuztuan geldialdia egingo dute.
Bost eremutan sailkatu dituzte lanak: Donostia kale ingurua, Kosta kalea, Harresilanda kale eremua, Gibeleta auzoa, eta Sabin Arana eta Bidasoa etorbide kale ingurua. Iraupena 15 hilabetekoa izango dela aurreikusi dute, eta horretarako, 3.329.404,07 euroko inbertsioa egin dute.
Bi lantalde egongo dira, eta eremu bakoitza banan banan berrituko dute, hau da, inguru bat amaitzean, beste batekin hasiko dira. Hurrengo asteko martxoaren 7an jarriko da martxan plana, eta lehenik, Donostia kalea, Nestor Basterretxea kalea eta Baserritar etorbidea, eta Kosta kalea eta Santa Engrazia kalea hobetuko dituzte.
Ondoren, Gibeletara joango dira, jarraian Zezen plaza eta Harresilanda ingurura, eta Kosta kalearekin amaitzean, Txiplaora joango dira. Azken hau Harresilanda inguruari dagokiona izango litzateke. Azkenik, Sabin Arana kalea eta Bidasoa etorbidea berrituko dituzte.
Esku hartzea, oinezkoen bideetan, errepideetan eta bidegorrietan egingo dute nagusiki. Honako sailkapen hau egin dute eginbeharrei buruz: “Lehen pibotez mugatutako espaloiak finkatzea; Irisgarritasuna oinezkoen pasabideetan; Dauden bidegorriak egokitzea eta bizikleta ibilbide berriak sortzea; Argiztapena hobetzea; Dranatzeak egokitzea; Hornidura hodien zati batzuk berritzea; Errepidean eta zoladurak berritzea”.
Plana Mugikortasun mahaiari aurkeztu ziotela eman dute aditzera, eta aurreko urteko udalbatzetan landu zutela ere baieztatu du alkateak. “Diru kopuru handiko proiektua denez, udalbatzak onartu behar du. Pausu horiek guztiak emanak ditugu eta kontratua ere sinatua dugu”. Horren ondorioz, lanak jada esleituta daudela esan du.
Inguru bakoitzeko obrekin hasten direnean, azalpen gehiago emango dituztela aurreratu dute. Bien bitartean, udalaren orrialdean ikus daitezke xehetasun guztiak.