Teresa Errandonea Espainiako txapeldun 60 metro hesietan
Denboraldiko markarik onena lortu du Errandoneak 8,12 segundo. Orain, Madrilgo Meetingari eta Munduko Txapelketari begira jarri da atleta irundarra.

Teresa Errandonea urrezko domina jantzi du 60 metro hesietan Espainiako Txapelketan. BATeko atletak denboraldiko markarik onena lortu du, 8,12 segundo. Hasiera batean, Xenia Benachek gauzak zail jarriko zizkiola zirudien, sailkapen fasean 8,06 segundoko denbora egin baitzuen, baina lasterketan, oso azkar atera zen irundarra. Urteko irteerarik azkarrena izan zen, 0,111 segundo, eta bukaeraraino borrokatu ondoren, garaipena erdietsi zuen.
Errandoneak oraindik momenturik onenean aurkitzen ez dela onartu arren, pozik agertu zen garaipenarekin: “Oso oso pozik nago. Domina zaila zen, eta balio handia ematen diot. Badakit marka ez dela atera, baina agertuko da, lasai nago. Txapelketak irabazi egin behar dira, eta hori egin beharra zegoen”.
BATeko Eva Queimañok urrea lortu ondoren, pentatloian, 23 urtez azpiko Espainiako Txapelketan, absolutuan lehiatu zen asteburuan. Azkenean, zortzigarren egin zuen 3688 punturekin, eta emaitza ona izan zen kontuan hartuta zer nolako maila zegoen.
Bestalde, Pista Estaliko Euskadiko Txapelketa jokatu zuten BATeko atleta gazteek Anoetako Belodromoan. 16 urtez azpikoetan, sei domina lortu zituzten, horien artean, Nora Aramendik urrea eraman zuen 60 metro hesietan. 18 urtez azpikoetan, beste sei domina erdietsi zituzten, bi urrezko, Joaquin Alonso eta Beñat Mikelarenak 60 metro hesietan eta 200 metroetan, hurrenez hurren. Azkenik, 20 urtez azpikoetan lau domina jaso zituzten, horien artean, urrezko bat, Irune Muguruzaren eskutik, 60 metro hesietan.