Ekitaldiz jositako 'Emakumearen Astea' egingo da
Eskualdeko manifestazioa Martxoak 8 plazatik irten, eta Hendaian amaituko da.
Emakumearen Nazioarteko Eguna, martxoaren 8a izaki, aste osoko egitaraua antolatu dute elkarlanean Hondarribiko Udalak eta Emeki Emakumeen Elkarteak. Martxoaren 3tik 13ra arteko Emakumearen Astea osatu dute. Tamara Sastre eta Ana Mari Blanco Emekiko kideek egitasmoen berri eman zuten atzo udalean, Txomin Sagarzazu alkatea eta Gotzone Larrarte Berdintasun zinegotziarekin batera.
Aurtengo kartela Alejandra Espinosa Ribera hondarribiarrarena da; martxoak 8 kartel lehiaketa irabazi zuen. Orain, martxoaren 3tik 13ra bitarte aurkeztu diren kartel guztien erakusketa izango da ikusgai Arma Plazan.
Antzerkia, pala txapelketa, bazkaria edota erakusketa bat topa daitezke egitarauaren barnean. Ostiral honetan HITZA-k aterako duen M8 gehigarri berezian ahalko da irakurri egitarau osoa, baita udalaren orrialdean ere.
Nabarmentzekoen artean, Bidasoa eskualdeko manifestazioa Hondarribiko Martxoak 8 plazatik abiatuko dela dago, 17:00etan egin dute hitzordua. Bertatik, Irunerantz joango dira eta Hendaian amaituko dute. Aurretik, kartelak egiteko tailerra egingo dute 11:00etatik 13:00etara, manifestazioa irtengo den plaza berean.