Greziako errefuxiatuentzako elikagaien bilketa egingo du Zaporeak-ek
Errenteria-Oreretako, Hondarribiko eta Irungo Eroski supermerkatuetan izango da bilketa, hilaren 4ean eta 5an.
Zaporeak Elkarteak egunean 1.200 anoa duin prestatu nahi ditu Greziako errefuxiatu guneetan dauden migratzaileentzako. Horretarako, elikagaien bilketa antolatu du martxoak 4ean eta 5an Errenteria-Oreretako, Hondarribiko eta Irungo Eroskietan. Elkarteko boluntarioak elikagaiak jasotzen, eta errefuxiatuen egoera larriaren berri ematen egongo dira.
Elkarteak behar dituen elikagaien zerrenda egin du: Arroz luzea, pasta, espeziak, gailetak, txitxirioak eta arrain kontserbak. Bestetik, kutxan diru-ekarpenak egiteko aukera egongo da.
Proiektua Greziako Lesbos uharteko sukaldaritza komunitarioan oinarrituta dago, hau da, boluntario euskaldunen eta migratzaileen arteko esperientzietan. Greziako errefuxiatu-guneetan egoera larria da, eta elkarteak elikadura duinaren eskubidea aldarrikatzen du gizaki guztientzat. Herritarrei deia luzatzen die elkarteak, elikagaien dohaintzaren bitartez, pertsona migranteen osasuna bermatzeko.