Bizikleten mekanika eta mantentze ikastaroak burutu ditu Bidasoa Bizirikek
Emaus Fundazioa eta Balazta Elkarteak eskaini dituzte formakuntzak.
Bida-LAN proiektuaren bigarren edizioaren barruan, Bizikleten mekanika eta mantentze lanak ikastaroa egin dute. Emaus Gizarte Fundazioak eta Balaztak parte hartu dute tailerretan, Bidasoa Biziriken sustapenarekin.
Lan merkatutik urrun dauden edo sartzeko zailtasunak dituztenei zuzendutako prestakuntza izan da, eta orotara, 11 pertsonek parte hartu dute, abendutik gaur arte. Bi zatitan banatu dute tailerra: lehenengoa Emausek eskaini zuen, bizikleten mekanikako oinarrizko edukiak landuz; bigarrena, Balazta Elkartea dabil ematen, eta bizikleta elektrikoei buruzko edukiak garatzen ari dira.
Ondoren, martxoan, ikastaroa amaituta, lanekoak ez diren prestakuntza praktikak egingo dituzte eskualdeko enpresetan. Oraingoz, prestakuntzari balorazio positiboa eman diote, bai partaideek, bai Emausek eta Balaztako kideek ere. Honako hau adierazi du Freddy Ramirez parte hartzaileak: “Oso jarduera interesgarria iruditu zait eta asko ikasi dut. Teoria eta tailerreko praktika konbinatzen duen metodologia oso egokia izan da. Orain gogo eta itxaropen handia dut praktikei begira, eta gero lana aurkitu nahiko nuke arlo honetan”.