San Telmo gaztelua berreskuratze aldera, azterketa teknikoak egitea onartu zuten atzo
Bi proposamen nagusi onartu zituzten aho batez atzo izan zen Osoko Bilkuran. PSE-EEren bi mozioak ere aurrera atera ziren, baita Abotsanitzena ere.
Atzo, Osoko Bilkura egin zuten udaletxean eta guztira 14 puntu jorratu zituzten. Onartu dituzten proposamenen artean, bi dira aipatzekoak; batetik, Kai Berriko San Telmo gaztelua lehentasunez eskuratzeko eskubidea erabiltzea, beharrezkoak diren azterketa tekniko bat egiteko. Alderdi guztien babesa jaso zuen asmoak; eta bestetik, Mendeluko 25 eta 27 zenbakietan dagoen plazari Veronica Urkiola Lekuona plaza izen aldatzea. Kasu horretan, EAJ eta Abotsanitzek baiezkoa bozkatu zuten, EH Bildu abstenitu egin zen, eta PSE-EE-k aurka egin zuen. Bestalde, Gorka Urgoiti idazkari berriaren lehen saioa izan zen.
Lehen puntuetan, Ekintza Planaren berri eman zuten, baita 2021eko 4.hiruhilekoaren hiruhileko eta 2020ko Hondarribia Lantzen zein Arma Plaza Fundazioaren auditoretzen inguruan ere.
Bosgarren atalean, PSE-EEk aurkeztutako bi mozioak onartu zituzten aho batez. Lehenik, lehen osasun arreta indartzea adostu zuten, eta jarraian, adinekoek pairatzen duten teknologia arrakalari aurre egiteko konpromisoa hartu zuten.
Era berean, aurrera atera zen ere Abotsanitzek mozio baten bidez proposatutako eskaera: bigarren eskualdaketako etxebizitza publikoak eskuratzeko oinarrien aldaketa egitea. Horretarako, aurretik, EAJrekin aldaketa bat adostu zuten.
San Telmo gaztelua berreskuratu nahi dute
Denen arteko adostasunarekin San Telmo gaztelua eskuratzea erabaki zuten ere, udalbatzak San Telmo gaztelua kostu bidez eskuratzeko, alegia. Izan ere, urtarrilaren 11n idatzi baten bidez udalari jakinarazi zioten gazteluaren jabeek salerosketa prozesu batean zeudela, eta interesdunak jada eraikina bisitatu zuela.
Berreskuratzeko eskubidearen berri Eusko Jaurlaritzako Kultur Ondare eta Hizkuntza Politika Saileko Zuzendaritzak eman zien, eta orain, Udal Idazkari jaunari, Udal Kontu hartzaile andreari, Udal Arkitekto andreari eta Udaleko Arkeologo andreari dagozkien txostenak egiteko galdegin diete.
Bidasoa Ospitaleko bloke kirurgikoa
Oposizioko hiru alderdiek aurkeztutako mozioa bloke kirurgikoa berritzearen inguruan ez zen onartu, EAJ-k kontra egin baitzuen bere gehiengo osoa baliatuz. Proposamen horretan, udalari eskatzen zioten Osakidetzari agindutako eraberritze lanak ez hastea, Ospitaleko bloke kirurgikoko langileekin, sindikatuekin eta eragile guztiekin proiektua adostu arte.
Bozketa hori eta gero, onartu egin zen EAJren bozekin EAJk aurkeztutako osoko zuzenketa, zeinetan Hondarribiko Udalak Eusko Jaurlaritzako Osasun sailari eskatzen dion, “ebakuntza-gelak berritzeko obren eraginpeko profesionalekin izan behar dituen elkarrizketak amaitu ondoren, Bidasoa Eskualdeko Ospitalearen etorkizunean interesa duten eskualdeko erakunde guztiei eta Udalari proiektuari buruzko informazioa helarazteko, elkarrekin lan egiteko eta herritarrei kalitatezko laguntza eskaintzen jarraitzeko”. Abotsanitz eta EH Bilduk kontra bozkatu zuten eta PSE-EEk abstentzioa eman zuen.