Lokarriak lotutako ‘itzulera’ izango du Herri Urratsek
Aurten bai, Herri Urratsek bere izaera berreskuratuko du. Senperen kolegio bat eraikitzeko dirua biltzea da edizio honen xedea, eta maiatzeko festa egunaz gain, kanpaina bat abiatuko dute martxoaren 1ean.
Senpereko lakura itzuli nahi du aurten Herri Urratsek, bi urtez Ipar Euskal Herriko ikastolen aldeko festa ezin egin eta gero. Egiari zor, Seaska indartzeko iniziatibak egin dituzte pandemia hilabete hauetan, baina jada aintzirara bueltatzeko garaia dela uste dute. Jakina denez, Herri Urrats maiatzean egin ohi da: 2020eko edizioa etxetik ospatu behar izan zen, eta 2021ekoa, 38 ikastetxek bere aldetik antolatuz egin zuten.
Aurten, maiatzaren 8an egingo da 39. Herri Urrats, egungo neurriak era berean mantentzen badira. Izan ere, egoera ez da egonkorra eta momentu batetik bestera baldintzak aldatu eta bertan behera geldi daitekeenez ikastolen aldeko festa hau, diru sarrera bat bermatzeko Euskal Herriko kanpaina bat abiatuko dute martxoaren 1ean.
Aintziran elkartzeko antolakuntza lanetan dabiltza, eta jakin ahal izan denez, zapata bat da aurtengo ikurra. Ikastolako ikasleen artean egindako lehiaketa batetik atera zen irudia, Koldo Rodriguez Akarregi antolatzaile hondarribiarrak azaldu duenez. Oinetako horren ideiatik abiatuz, zapata salmenta nazional bati ekingo diote. Iaz, leihoak edota ateak saldu zituzten, “ikusten ez den zerbait” azaldu du antolatzaileak, eta oraingoan zerbait eskaini nahi dute, jendeak emango duen diru horren truke.
Zapata beltzak
Zapata horiek beltzak dira, eta ez da kasualitatea. Zuriak izango balira, ez lukete laku inguruko ibilaldia egiteko balioko, eta asmoa bertaratzerakoan zapata horiek eramatea denez, zentzu horretan pentsatu dute. Estilo ezagun batekoak dira, baina kasu honetan Herri Urratseko logoarekin. “Kalitate handikoak dira eta poltsiko guztietara egokitu daitekeen kanpaina bat egin nahi dugu”, baieztatu du Rodriguezek. Prezioari dagokionez, bi ezarri dituzte: helduentzat 35 euro eta haurrentzat 25 euro. 5.000 zapata pare saldu nahi dituzte, www.herriurrats.eus orrialdean sortuko duten atal bereziko dendatik egin beharko da erosketa, eta ondoren etxeetara bidaliko dituzte. Hilabeteko kanpaina izango da, martxoan hasi eta buka. Salmenten arabera luzatzeko aukera aztertu dute, baina hasteko, martxoan eskatu, apirilean zehar zapatak fabrikatu, eta apirilaren bukaerako astean etxean jasoko dituzte eskatzaileek.
Helburua garbia dela dio antolatzaileak: Seaskan geroz eta ikasle gehiago daude, eta datozen ikasle horiei erantzuteko bosgarren kolegio bat eraiki nahi dute Senperen. Jada eraikitzeko partzela badutela adierazi dute, baina lanak martxan jartzeko milioi bat euro eskuratzeko erronka jarri dute.
Azken bi urteak bereziak izan diren arren, buruan zuten diru kopurua baino gehiago bildu zutela esan dute, eta aurten itxaropentsu daude diru aferari dagokienez. Esate baterako, iaz Boga lemapean egindako edizioan, 300.000 euro lortzeko langa ezarri zuten, eta azkenean espektatiba horiek gainditu zituzten.
Bi aste barru ikastolen aldeko egunaren programazio osoaren berri emango dute, eta «potentzia handikoa» dela aurreratu ahal izan du Rodriguezek. Dena aurrera bidean, Itzulera aldarriarekin bat egingo dute euskal herritarrek.