[Elkarrizketa] "Emakumeok balio dugula erakutsi behar dugu etengabe"
Bisualarekin zerikusia duen oro maite du Ocak. Kontzertuen lehen lerroetan ikusi ohi zaio kamera batekin lanean, baina fotokazetaritzan ere aritu da, "intrusismoa" ekiditen.
Argazki lanengatik ezaguna zara. Argazkigintzan noiz hasi zinen?
Betidanik gustatu izan zait. Txikitan denei oparitzen ziguten kameratxo bat, eskolarekin txangoan joaten ginenean eta argazkiak egiteko. Gainera, etxean denok eduki dugu argazki makina txiki bat, aitak ere oso gustuko baitu argazkilaritza. Gero kamera osoago bat oparitu zidaten, edo hobe esanda aukera gehiago ematen zidan bat, eta orduan hasi nintzen benetan saltseatzen. Baina jada ikastaroak egiten eta beste modu batera aritzen 2008. edo 2009. urteen bueltan hasi nintzen, gutxi gorabehera.
Zeintzuk izan ziren lehen urrats horiek? Nondik abiatu zinen?
Irungo Argazkilari Elkartean egin nuen lehenengo kurtsoa, nahiz eta ordurako kuxkuxean nenbilen. Baina bai, norbaitek erakusten eta gauzak beste modu batean ikusten 2008 eta 2009 urteen bueltan hasi nintzen. Oinarrizkoena ikasten hasi nintzen eta hortik aurrera hainbat ikastaro egin ditut. Argazkilaritza profesionalari lotutako kurtso bat ere egin nuen, asmoa hasiera batean baitzen argazkilaritza munduan lanean aritzekoa, baina gerora ideia hori burutik kendu nuen.
Zer dela eta?
Agian lanaren kontzeptuagatik. Orain ere lanaren kontzeptua aldatzen ari naiz. Azkenean lanean gutxienez zortzi orduz egoteak aspertzen nau. Ez azkar, baina gauzak aldatzen joatea gustatzen zait. Egunero bizitza guztia zerbaiti eskaini beharra arriskutsua zela konturatu nintzen, eta asko gustuko daukadan zerbait gustatzeari uztearen beldur nintzen. Horregatik, beste bide batzuk hartu nituen.
Beraz, lan kontzeptua aldatu nahian, zein bide hartu zenituen?
Lan arloan ahal zenari heldu diot, egia esan nahiko prekario ibili naiz. Orain bai, Izarkomen nago lanean, eta proiektu oso interesgarri honekin gizarteari beste modu batean ematen nabil, eta horregatik ari zait orain aldatzen lanaren ikuspuntua edo kontzeptua. Baina argazkilaritza ez dut utzi. Ezkontzek, jaunartzeek eta bataioek dirua ematen dute, baina gorroto dut argazkilaritza mota hori. Ez nuen ikusten neure burua horrelako argazkilaritza egiten. Gizartean eragin gehiago izan dezakeen argazkilaritza dut gustuko, zerbait esaten duena, edo adierazten duena. Ikusten dudanari argazkiak ateratzea nahiago dut, eta ez aurretik prestatzea. Momentukoa naiz.
Zure argazkien ezaugarrietako bat da jendea ateratzea. Askotan kalean, ekintzetan eta horrelakoetan. Mugimenduak erakartzen zaitu?
Bai. Nire ikuspuntua erakustea gustatzen zait, ikusten dudana edo nire begietan sartzen den hori islatzea nolabait. Mugimenduak asko erakartzen nau. Askotan jendeak uste du argazkilaritza perfektua dela oso enfokatua dagoena, dena perfektu dena; eta niri zikina gustatzen zait, baina bizitzako alor guztietan gustuko dut hori. Eta beraz, argazkigintzan ere zikintasuna gustatzen zait, nolabait esatearren. Mugimenduak eragiten dituen ekorketak gustuko ditut. Kontzertuetan ez dago ezer geldi, eta hori harrapatzea erronka bat da.
Nola egiten zaio aurre erronka horri? Nola bilatzen duzu zikintasuna?
Ez dut bilatzen, agertu egiten zait. Ez naiz oso argazkia bilatzekoa, etorri egiten da. Kontzertu batean askotan bilatzen duzu zikintasun hori, eta talde bati argazki asko egin dizkiozunean zerbait desberdina bilatzen duzu, zerbait berria, eta orduan bai lortzen dudala. Baina kontzertuetan badakizu zertara zoazen, badakizulako zer etorriko den, eta horri aurreratzen zatzaizkio. Baina bestela, dagoena.
Zikintasuna aipatu duzu, mugimendua. Zer gehiago izaten duzu kontuan?
Gehien erakartzen nauena konposizioa da. Txuri-beltza askoz ere gehiago gustatzen zait kolorea baino. Kolorea erabiltzen dut, koloreak zerbait esaten duenean. Txuri-beltzak daukana da konposizioa nola dagoen eratua ikusi ahal dela, nora begiratzen duzun lehenengo, nora eramaten zaituen, zeri ematen diozun garrantzi gehiago, zeri gutxiago.
Batez ere musika munduan aritu zara. Zuzeneko emanaldiak jaso ohi dituzula esan daiteke?
Bai. Atera izan ditut argazkiak beste egoera batzuetan, baina askoz ere gutxiago. Entseguetan eta horrela ez, normalean izaten delako taldearen momentu bat, baldin eta ez badituzte behar promoziorako, noski. Promoziorako argazki batzuk egin izan ditut, edo disko bat grabatzen egon direnean ere bai.
Zein musika talderi egin dizkiozu argazkiak batez ere?
Batez ere rocka eta musika elektronikoa gustatzen zaizkit, eta konfiantzazko taldeei ateratzen dizkiet argazkiak. Adibidez, Willis Drummond, Pelax eta bere hainbat proiektuei, Left Hook eta Morge.
Elkarlanean aritu zara Eider Iturriaga argazkilariarekin.
Bai, hori da. Eider kontzertuetan ezagutu dut, laguna dut eta baita erreferente ere. Izugarrizko argazkilaria iruditzen zait.
Emakume asko zabiltzate musika argazkilaritzan?
Ez, nik askorekin ez dut kointziditu behintzat. Batez ere Iturriagarekin aritu naiz eta askotan biak izan gara emakume bakarrak kamera batekin. Badira gehiago, baina oso gutxi. Gehienak gizonak dira. Musikaren mundua orokorrean oso gizonezkoena da. Hau da, oholtza gainean emakume gutxi ikusten dira, eskerrak geroz eta gehiago igotzen diren, baina bai gutxiago ikusten direla. Teknikari moduan ere askoz ere gutxiago egoten dira, eta ikusleen artean ere esango nuke berbera gertatzen dela. Lehenengo lerroan oso emakume gutxi egoten dira, baina esango nuke geroz eta gehiago ikusten direla. Orokorrean, musikaren mundua oso maskulinoa da. Emakume musikariekin maiz hitz egin dudana da, askotan plazara ateratzeko emakumeek daukagun sentsazioa dela egin behar ditugula gauzak ongi, hau da, gaizki egiteko ez zarela ateratzen. Gizon batek ez du horretan pentsatuko, egiten du eta kito. Guk demostratu behar dugu balio dugula bertan egoteko, eta argazkilaritza munduan ere antzekoa gerta daiteke. Jendeak sakelako telefonoarekin egiten ditu argazkiak, baina denen aurrean jartzea argazki kamerarekin, ez. Talde baten aurrean jartzea eragiten dizkizu pentsamendu batzuk, ‘agian uste dute groupie bat naizela’ eta horrelakoak. Eta ez da hori. Baina hala ere, demostratu behar duzu zure argazkiek zerbait balio dutela edo ikusgarriak direla. Eskubidea daukazula bertan egoteko. Horrek eragina du bizitzako aspektu eta arlo askotan, eta musikaren munduan ere hala izaten da.
Kios, Lesbos eta Atenasen egon zinen Zaporeak proiektuarekin. Bertan ere argazkiak atera zenituen. Proiekturik garatu zenuen?
Ez, berez ez. Kiosen egon nintzen lehenengo aldian kamera eraman nuen, eta lehenengo astean zehar ez nintzen ausartu kamera ateratzera. Askotan oso intrusiboa izan daiteke kamera, eta hor dagoen jendea dago egoera batean zeinetan, alde batetik, nazkatuta daudena mundu guztia argazkiak egitera joatearekin, zoo bat izango balitz bezala; eta beste aldetik, ez dakit oso ongi zergatik, baina niri gustatzen zait konfiantza edukitzea gero argazki horiek egin ahal izateko. Nire aldetik intrusismo hori ekiditeko eta beraiek lasaiago egoteko ez nuen askorik egin. Niretzako oso egoera desberdina zen, berria zen.
Ateratako argazki horietako batzuk sarean ikus daitezke.
Sare sozialetan baten bat publikatu nuen, bai, baina egoera latz batean zeuden pertsonen argazkiak ziren, eta gauza batzuk munduari erakustekoak dira, baina beste batzuk beraien pribatutasunarekin lotura gehiago daukate. Beraz, argazki horiek izan ziren gehiago niretzat eta haientzat, bidaltzen nizkielako. Han atera nituenean ez zeukaten helburu zehatzik, baina gero hona iristean bai erabili nituela argazki batzuk salaketa modura edo. Denuntzia egiteko argazkiak askotan izaten dira oso bortitzak, eta nik horrelako argazkirik ez daukat. Batez ere pertsonen irudiak dira, erretratuak, irribarretsu, beste pose batzuetan. Gustatuko litzaidake beste tankera bateko proiektuak garatzea horrelako egoerekin, baina gero bertara iritsi eta errealitatea zein den ikusten duzunean, buruak buelta ematen dizu.