[Erreportajea] Soldata arrakalarekin bukatu nahi dute udal garbitzaileek
Kale garbitzaileekiko duten aldea murriztuz joateko proposatu diote enpresari lan hitzarmen berriaren negoziazioan. Oraingoz, ez dute akordiorik lortu. Udalak bitartekari lanak egiteko ezezkoa eman die, sindikatuen arabera.
Borrokan hasi dira Irungo udal garbitzaileak. Lan hitzarmena da protestarako arrazoi nagusia, baina, funtsean, gizarteko arlo guztiak ukitzen dituen arazo bat dago, soldata arrakala. Garbiketaren sektorean ere agerikoa da: Irungo kale garbitzaileen eta bestelako garbitzaileen artean (udalaren menpeko eraikinak garbitzen dituztenak) %15eko aldea dago soldatetan, sindikatuen esanetan. Garbitzaileek 3.300 euro gutxiago jasotzen dituzte urtean. Kalkulu hori soldata oinarriarekin aterata dago; alegia, kalean lan egiteagatik kale garbitzaileek kobratzen dituzten gehigarriak kontuan hartu gabe; bestela, aldea handiagoa litzateke, %27koa, 6.600 euro.
Joan den asteazkenean egin zuten lehen protesta udaletxearen aurrean garbitzaileek. Egun horretan udal ordezkariekin biltzekoak ziren enpresa batzordean ordezkaritza duten sindikatuak, ELA, LAB eta CCOO. Bileratik, ordea, ez zuten udalaren esku hartzerik lortu. “Gezurra litzateke langileek bileratik zerbait espero zutela ukatzea, baina udalak argi utzi digu ez duela bitartekari lanik egingo enpresaren eta gure artean”, adierazi du Ainhoa Arretxe ELAko ordezkariak. Udalak hartutako konpromiso bakarra lan karga arintzeko ratioak berrikustea izan dela zehaztu du, haren eskumena delako. Zerbitzua azpikontratatua du udalak, Samyl enpresak kudeatzen du. Guztira 80 garbitzaile daude lantaldean; guztiak emakumeak.
Mobilizazioan parte hartu zuten Inmak eta Kontxik [ez dute bere abizenik eman nahi izan]. Garbitzaileen arabera, arazoa da bi urtetik behin enpresaz aldatzen dutela, “orduan enpresa batek hurrengoari pasatzen dio pilota”. 2019an sinatu zuten azken akordioa, eta 2020an iraungi zen. Enpresak, ordea, ez diela eskatzen duten igoera aplikatzen adierazi dute. “Zergatik DBHko ikastetxeetako garbitzaileei KPI igo diete eta guri ez?”, galdetu dute. Udal garbitzaileak dira eurak ere, baina enpresa ezberdinak kudeatzen ditu, “eta hori da arazoa”. 20 eta 16 urte daramatzate udal garbitzaile bezala lanean, kontratu finko etena dutela jakinarazi dute, eta uztaila eta abuztuan langabezian geratzen direla. Aurretik ere grebak egindakoak direla esan dute, “erreklamatu beharra dago”. Soldata arrakalaren gainean, denak udal bereko langileak badira, guztiek eskubide berak dituztela aldarrikatu dute.
Borrokari eutsi
Martxoaren 7an izango dute hurrengo bilera enpresarekin. Aurretik, martxoaren 4an (ostiralarekin) berriro elkarretaratuko dira udaletxearen aurrean, 11:15ean, sindikatuek iragarri dutenez. Bilera horretan euren eskaerak kontuan hartzea espero dute. Asmoa, arrakalarekin bukatzeko urtez urte KPIa eta ehuneko bat bermatzea litzateke “malgutasunez”, azkenean, kale garbitzaileen soldata berdindu arte. Enpresak, ordea, KPIa ere ez dietela igo nahi azaldu du Arretxek, arrakala “handituz”.
Hondarribian ere udal garbitzaileak borrokan dira. Kasu horretan, enpresak euren eskaerei “ezezko biribila” eman diela zehaztu du ELAko ordezkariak, eta udalari begira jarri dira. Hain zuzen, atzo arratsaldean elkarretaratzea egitekoak ziren garbitzaileak plenoaren aurretik