Hirigintzari dagozkien bileren balorazio ona egin du Juan Luis Silanesek
Bi batzarretara jende andana gerturatu dela azaldu du Ingurumen zinegotzi Juan Luis Silanesek.
Ingurumen departamenduak, aurreko astean, bi saio burutu ditu; batetik, Mugikortasun Mahaiaren bilera irekia egin dute, eta bestetik, Kosta auzoko kale nagusiari buruz erabakitzeko laugarren saio parte hartzailea izan zen. Bi jarduera hauei buruzko balorazioa egin du Juan Luis Silanes Ingurumen zinegotziak.
Amute Kosta auzo elkartean izan zen atzoko bilkura, eta aurreko aldietan jarraitutako dinamikari eutsi diote, udalaren eta bizilagunen artean auzoa nola imajinatzen duten eraikitzeko, “diseinu kolaboratzaile” bat sortzeko. “Denon arteko lankidetza bat izan behar duela argi daukagu, eta zentzu horretan ari gara lanean”, adierazi du Silanesek.
Aurreko asteko ostegunean, udaletxeko areto nagusian, Mugikortasun Mahaiaren bilera egin zuten, 2021. urtean eman dituzten urratsen berri emateko, baita 2022rako dauden erronken azalpena emateko ere.
Izan ere, hurrengo astean Hondarribia hobetzen kalez kale proiektua aurkeztu eta martxoan martxan jarriko dutela aurreratu du zinegotziak, eta proiektu hori mahaiko kideei azaldu nahi zieten, “iradokizunak” jasotzeko. Plan horrekin hiriko hainbat kale berriritartzea dute asmo, “proiektu potente bat da” dio Silanesek.
“Bi bilkuretan jende askok parte hartu zuen. Eskerrak eman nahi dizkiet hiritarrei, parte hartzeko eta proiektuak hobetzeko erakusten ari diren jarrerarengatik” bukatu du udal ordezkariak.