Santa Kriz eta Parisko komunari buruz hitz egingo dute Oiasso museoan
Kontaiguzu dakizuna programaren barruan daude hitzaldiak, eta Juan Manuel Aramendi irakasle erretiratuak eta Paul Estonba EHUko Historia ikasleak emango dituzte.
Kontaiguzu dakizuna programaren urteko bigarren saioa egingo dute, gaur, Oiasso museoan. Bi hitzaldi emango dituzte 19:00etatik aurrera. Lehenengoa, Juan Manuel Aramendi irakasle erretiratuaren eskutik iritsiko da: Santa Kriz. Izenik gabeko hiri erromatarra. Nafarroako egungo Santa Criz de Eslava herrian dago, Zangozako merindadean. Bigarrena, berriz, Paul Estonba EHUko Historia graduko ikasleak emango du, Parisko komunari buruz, duela 151 urte Frantzian izandako herri-altxamenduaren gainean.
Hogei bat minutuko saioak izango dira, eta, ondoren, hizlariekin hitz egin eta galderak egiteko aukera izango da.
Kontaiguzu dakizuna programa borondatezko jarduera da, eta Oiasso museoko lagunek euren jakintza eta esperientziak partekartzen dituzte gai historiko eta arkeologikoak, bidaiak, mitologia, pertsonaia historikoak edo eguneroko bizitzarekin lotutako gaien inguruan.