Udan, Londreserako hegaldiak Hondarribitik
British Airways-en filial den CityFlyer konpainiak hartuko du lotura, astean bi hegaldi programatuz London City aireportura.
Ortzibia elkarteak iragarri du udan, uztailaren 8ko astetik iraileko lehen astera zehazki, Hondarribiko aireportutik Londresera hegaldiak izango direla. Zehazki, bitarte horretan bi hegaldi izango dira astean, astelehenero eta ostiralero. Horiek CityFlyer konpainiak kudeatuko ditu, British Airways-en filialak, alegia.
Hondarribitik ateratzen diren hegaldiek London City aireportua izango dute helmuga. Hain zuzen, Ingalaterrako hiriburuaren hirigunearen ondo-ondoan dagoen aireportua da.
Londreseko hegaldiak ez dira berritasun bakarrak izango aurten. Apirilean, Espainiako Malaga eta Sevillarako zubia egingo dute Hondarribitik. Maiatzean, berriz, Herrialde Katalanetako Menorcara eta Mallorcara iritsiko dira hegaldiak. Horiei guztiei, ohikoak diren Madrilerako eta Bartzelonarako hegaldiak gehitu behar zaizkie.