81 proiektuetatik, udala 76 gauzatzen ari dela azaldu du Txomin Sagarzazuk
Zazpi alorretan banatu ditu proiektuak eta 81etik, 34 proiektu jo ditu nagusitzat. Aurrerago xehetasun gehiago eman nahi dituztela jakinarazi dute.
Agerraldia egin du gaur Txomin Sagarzazu alkateak 2022 urteari begira Udal Gobernu taldeak esku artean dituen proiektu nagusiez mintzatzeko.
2019-2023 Agintaldi Plana lantzen hasi ziren, baina pandemia medio, Agintaldi Plan egokitua aurkeztu eta hori gauzatzen hasi ziren, iazko maiatzean. Proposamen horretan 3 esparru nagusi, 7 ardatz estrategiko, 43 helburu eta 81 proiektu jaso zituzten, eta oraingoan plan honen betetze mailaren kontrola egin nahi dutela azaldu du alkateak.
Agintaldi Planean 81 proiektu daude idatzita, eta horietatik 76 garatzen ari direla jakinarazi dute. Proiektu guztiak ez daudela garapen maila berdinean esan du Sagarzazuk, “eta media bezala garapen maila %73koa dela ondorioztatu da”.
Informazio horren aurrean, urte honi begira planteamenduak finkatu nahi dituzte. Lehentasuna 34 proiekturi eman dizkiote, eta prentsaurreko batean “ezinezkoa” dela horiek zehaztea dio alkateak. Aurrekontuen likidazioa egitean, aipamenetik haratago joango direla baieztatu du. Zazpi alorretan bereizi ditu.
Gizarte Politiken ardatz estrategikoaren lehentasunetako bat, udal zerbitzu hau Muliatera mugiaraztea dagoela azaldu dute. “Proiektua enkargatuta dago eta gero lizitazioa egingo dugu”. Bestalde, Kasino Zaharra eta Eguneko Arreta Zerbitzuak berriz abian jarri nahi dituzte, eta 75 urtetik gorakoei buruzko ikerketa egiten ari dira ere.
Herritarrei begira, Hondarribiko karrikei buruzko liburua 2022an argitaratu nahi dute “hiru herritarren lan bikainari esker”. Ondarean ere jarri dute arreta, eta Jaizkibelgo dorreak eraberritu eta Guadalupeko Gotorlekuan programa bat gauzatzea aurreikusten dute, “Europatik etorriko den ‘Next Generation’ delakotik oraindik jaso ez dugun 300.000 euroko laguntzari esker”. Bestetik, Hondartza kiroldegiaren lizitazioa egin behar dutela oroitu dute.
Beste esparruetako bat udalerria deiturikoa da, eta tokiko ekonomiaren ardatzari dagokionez, Hondarribiko Kanpus Teknologikoa jartzeko kudeaketetan dabiltzala eta arituko direla dio Sagarzazuk. Txirrindularitza Itzuliari buruz esan du “hiriaren proiekzioan oso garrantzitsua” dela.
Hondarribia Kalez Kale proiektuaz azaldu du datozen bi urtetara begira “lan handia” dutela, “kaleak berritu eta mugikortasun aldetik hobekuntzak izango ditugulako. Auzo bideak konpontzen jarraituko dugu ere”.
HAPOaren idazketa eta tramitazioarekin lanean daudela eman du aditzera alkateak, eta Presa I-eko jarraipena egin nahi dutela errepikatu du, eta era berean, lan egiten jarraituko dutela Damarriko promozioari begira dio Sagarzazuk. Hirigintza alorreko kontu garrantzitsuena “alokairurako diru laguntzak abian jartzea” dela gaineratu du.
Garapen iraunkorrari begira, hiru proiektu nagusi zerrendatu ditu: Baserritar etorbideko mendi urak jasotzeko lanak, Kai Berriko proiektua eta San Lorentzoko urmaelaren inguruko lanak.
Gobernu Ona delakoaren ildoan, herritarren parte hartzea sendotu nahi dute, eta horretan pausuak ematen ari direla adieraziz bukatu du agerraldia alkateak.