Osasun Bidasoak eskerrak eman dizkie manifestazioarekin bat egin zuten herritarrei
"Eskualdea entzun eta errespetatzeko modu bakarra bloke kirurgikoa berritzeko egun proiektua geldiaraztea da", plataformaren arabera.
Joan den larunbateko manifestazioan herritarrengandik jasotako “babes handia” dela eta, borrokan jarraitzeko “indar handiagoa” eta “zilegitasuna” jaso duela esan du Osasun Bidasoak. Zentzu horretan, plataformatik eskerrak eman dizkiete mobilizazioan parte hartu zuten herritar guztiei.
Herritarren nahiz erakundeen babesa duela gaineratu du Osasun Bidasoak, eta Irun, Bera, Lesaka, Arantza, Igantzi eta Etxalarko udalek mugimenduarekin bat egin dutela gogorarazi du. Hondarribiko kasuan, udal talde guztien sostengua duela zehaztu du, EAJrena izan ezik. Ildo horretatik, plataformak “exijitu” egin dio Osasun Sailari euren eskaerak “entzun” eta “errespetatzea”.
“Eskualdeari entzun eta errespetatzeko bide bakarra bloke kirurgikoa berritzeko egungo proiektua geldiaraztea da, eta ez uztea eskualdea ebakuntza gelarik gabe obra horiek egin bitartean”, adierazi du plataformak. Horrez gain, mahai bat eratzeko ere galdegin du, udal, osasun langile, elkartea, gizarte mugimendu eta beharrezko aktore guztiak batuko dituena, “eskualdeak behar duen ospitalea” izateko. “Gizarteak eskatzen duena” baino ez duela galdegiten ondorioztatu du Osasun Bidasoak.