Muarak seigarren eraso faxista jasan du
Ikurrinaren aurkako erasoa izan dela uste dute, eta horrelako erasoak lekuz kanpo daudela defendatu dute.
Muara elkarteak joan den ostiralean, otsailak 18, beste eraso bat jasan duela salatu du, azken urteotako seigarrena litzatekeena. Kanpoan duten Ikurrina lapurtu, eta beste kale batean botata topatu dutela azaldu dute. “Muara elkartea osatzen dugun lagunok argi dugu gure aurkako eraso bat dela eta baita Ikurrinaren aurkakoa ere. Gorroto erasoa, eraso faxista nolanahi ere”.
Beste erasoekin egin bezala, Udaltzaingoan salaketa jarri duela jakinarazi dute, eta “tamalez” behin bakarrik lortu dutela erasotzaileak identifikatzea esan dute: “espainiar armadako militar bat, hain zuzen ere”.
Gorroto eraso bat izan dela gaitzetsi dute, bai aurreko astekoa eta bai beste bostak. Jazarpen horiekin lortutakoa, gauez egin izana eta izandako inpunitateari erreparatuta, gorroto eraso bat dela argudiatu dute.
Horrelako eraso faxistak lekuz kanpo daudela uste dute, eta gatazkaren konponbidearen alde dihardutela berretsi dute. “Gatazka politikoa bere horretan jarraitzearen aldekoek egindako erasoa dela uste dugu, Euskal Herria gorrotatzen dutenek egindakoa”.
Ikurrina legeztatzeko eta askatasunez erabili izateko “gogor borrokatu” behar izan zutela oroitarazi dute, eta orain, berriz, defendatu egin beharko dela esanez bukatu dute oharra.