Udalbatzako alderdi guztiek gaitzetsi egin dute Muarak jasandako erasoa
Hondarribiko Udala osatzen duten lau alderdiek “erabateko gaitzespena” adierazi dute Muara elkarteko Ikurrinak jasandako erasoaren gainean eta bere babes eta elkartasuna helarazi dizkiote elkarteari. “Beste behin ere argi utzi nahi dugu bizikidetza eta bakearen bidean horrelako erasoak ez ditugula onartzen”.
Ez dela kasu isolatu bat azaldu dute, azken urteetan izandako seigarren erasoa delako, eta Muarak azaldu bezala, erasotzailea behin bakarrik aurkitu izana baieztatu dute.
Udaleko ordezkariek, eta bereziki bizikidetza batzordean dihardutenek, hiru adierazpen egin dituzte; lehenik, “bizitako gatazkaren konponbidean lanean gauden honetan horrelako erasoek ez dutela lekurik” deitoratu dute; jarraian esan dute, “gure herriaren bizikidetza eta bizitza politikoaren normalizazioan soberan dauden erasoak dira hauek eta ez ditugu onartzen”; eta bukatzeko, “ez dugu ikurrinaren kontrako erasorik onartuko” salatu dute.