Bi mozio erregistratu ditu Abotsanitzek, ostegunean eztabaidatuko dituztenak
Jaizkibel mendian lan egiteko basozain teknikari baten beharra defendatuko dute, eta bestetik, bigarren eskualdaketako etxebizitzen araudian aldaketa batzuk proposatuko dituzte.
Ostegun honetan osoko bilkura egingo da Hondarribiko Udalean, eta Abotsanitzek bi mozio erregistratu ditu. Horietako batean bigarren eskualdaketako etxebizitza publikoak eskuratzeko oinarrietan aldaketak egitea eskatu dute, eta bestean, udalaren lanpostu zerrendan udal basozain bat gehitzea proposatu dute, baita hori gauzatzeko prozedura martxan jartzea ere.
Azken urteetan bigarren eskualdaketako etxebizitza publikoen prozesuetan “gatazkak” izan direla eta, arazo horiek ez errepikatzeko helburuz aurkeztu dute lehen mozioa. Horretarako, 2015ean onartu zen udal araudian aldaketa egitea nahi dute.
Suertatutako arazoei dagokienez, bi dira. Alde batetik, familia ugaria direnek lau logelako etxebizitzen zozketan izen eman dezakete bakarrik, eta eskualdaketetan ez dela apenas horrelako aukerarik izaten adierazi du Abotsanitzek. Hortaz, familia unitate kopurua aintzat hartu beharrean, metro karratu kopuruen arabera arautzea egokiagoa dela dio udal taldeak.
Bestalde, saltzailearen eta eroslearen artean tira bira ekonomikoak izan direla azaldu dute, eta hori neurtzearen alde agertu da mozioan oposizioko taldea. Izan ere, Abotsanitzen iritziz udal taldeek adostu behar dituzte aldaketak, ondoren udal teknikariek araudian txertatu ditzaten.
Beste mozioa udal basozain bat kontratatzeari buruzkoa da. Horren beharra dagoela defendatuko du oposizioko taldeak, Jaizkibel babestea udalaren ardura dela eta beste erakundeek dituzten baliabideekin ez dela nahikoa argudiatuz. Udalak basozain bat kontrata dezan, udalaren Lanpostuen Zerrendan basozain teknikari bat gehitzea eskatuko dute, eta beraz, langile hori kontratatzeko prozesua abiatzea ere galdegingo dute.